Lasarte-Oriako I. Musika Maketa Lehiaketa Udalaren eskutik

Txintxarri 2008ko martxoaren 31

Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria eta Festetako sailak udalerriko I. Musika Maketa Lehiaketa antolatuko du. Musika klasikoko estilokoek izan ezik beste edozein talde edo bakarlarik hartu ahal izango dute parte, beti ere, aurretik modu komertzialean editatutako materialik ez duten bitartean. Irabazleek kontzertu bat eskainiko dute uztailaren 1ean San Pedro jaiei itxiera emateko.
Taldeak eta bakarlariak estatu mailakoak edo nazioartekoak izan daitezke, kideek Lasarte-Orian erroldatuta egoteko beharrik izan gabe. Irabazleek 1.000 euroko diru-saria jasoko dute. Betse sari berezi bat egongo da herrikoentzat, epaimahaiak Lasarte-Oria saria banatuko du, 700 eurokoa izango da. Hau irabazteko aukera izateko taldeko kideen erdiak gutxienez Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko du. Maketa berdinak ezingo ditu bi sariak jaso.
Lehiaketan izena emateko partaide bakoitzak hiru kanta aurkeztu beharko ditu eta horietako bik originalak izan beharko dute. Abestiak MP3 formatuan aurkeztu behar dira eta bakoitzaren iraupenak hiru minututakoa izan beharko du gutxi gorabehera.

Kantuekin batera, talde edo bakarlari bakoitzak izena emateko fitxa aurkeztu beharko du behar bezala beteta. Inskripzio orria Udalaren web gunean eskuratu daiteke, www.lasarte-oria.org, eta baita lehiaketaren inguruko informazio gehiago ere. Taldearen argazkia bidali beharko da izena ematearekin batera eta honek guztiak ezingo du 15MB-eko tamaina baino handiagoa eduki. Maketak helbide honetara bidali behar dira apirilaren 1etik 30era maketak@lasarte-oria.org. Epetik kanpo ez dira onartuko.

Lehiaketako epaimahaia Gazteria eta Festetako batzordeak izendatuko du eta bere osaera lehiaketaren erabakiarekin batera emango dute ezagutzera, maiatzaren 29an. Azken baloraziorako ez da kontuan hartuko grabaketaren kalitate teknikoa, beti ere, musika eta letra ondo ulertzen diren bitartean.