Martxoaren 15ean ospatu zen Oñatin hamazazpigarren duatloia. Emakumeen taldean Ainhoa Murua zarauztarra izan zen garailea 1:53:24ko markarekin. Gizonezkoetan Laurent Galinierrek eskuratu zuen lehen postua 1:41:42 denborarekin. Herriko parte-hartzaileen artean emaitzak ez ziren txarrak izan. Saiatuz Kirol Taldeak hamaseigarren postua lortu zuen. Endika Gartzia Eizagirrek hemeretzigarrena 1:48:38 ko denborarekin frantziarraren atzetik 00:06:56etara, Mikel Izagirre Aramendi 0:18:55etara eta Imanol Arteaga Aizbitarte 0:19:35etara.
Podiuma osatu zutenen arteko lehia gogorra izan zen gizonezkoen taldean. Frantziarrak oinezko lasterketan, azkarra dela aprobetxatuz, distantzia ateratzen saiatu zen. Erritmoa gogor markatu zuen eta lehena iritsi zen lehen trantsiziora. Felix Javier Martinez kantabriarra bizikleta saioan frantziarrarengandik aldentzen saiatu zen baina Laurentek ondo eutsi zion lehiari. Azken sprinta erabakiorra izan zen lasterketan, azkenean Laurent Galinierrek lortu zuen garaipena eta Felixek bigarren postua eskuratu zuen frantziarraren atzetik bi segundotara.
Emakumezkoen taldean zarauztarra izan zen lasterketa-buru froga osoan zehar. Virginia Berastegui bilbotarrak ez zion lan erraza utzi, bizikleta frogan martxa ona eraman zuen eta Ainhoa harrapatzen saiatu zen. Bigarren trantsiziora ia batera iritsi ziren biak, hala ere azken lau kilometroetan Ainhoak hogeita hamasei segundotako abantaila atera eta lehen postua lortu zuen.