Lasarte-Oriako Landaberri Institutuaren eta Donaxtiko Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioaren arteko senidetzea dela eta, martxoaren 10etik 14a bitartean ikasleen arteko trukea egin zuten bi ikastetxeek. Nik zugandik, zuk nigandik, elkarrekin, elkarrengandik ikasiaz da senidetzearen helburuetariko bat eta horretan aritu dira gazte hauek.
Lasarte-Oriako hogei bat lagun abiatu ziren martxoaren 10ean Larzabal aldera, Donaxti bailarako gazteen ohiturak, ikastetxea eta ingurua ezagutzera. Larzabalgo kolegioan itxaroten ari ziren bertako ikasle eta irakasleak. Harrera egin ondoren, eskolan bertan jokoak egin zituzten. Kolegioko kantinan bazkaldu ostean mendira irten ziren inguruak ezagutu asmoz. Hurrengo goizean, Baigorrira joan ziren Irulegiko sotoen bixita egitea. Bertan, ardoaren ekoizpen prozesua ezagutu ahal izan zuten. Asteazkenean, berriz, Donaxtin bi egun igaro ondoren, lasarteoriatarrak Donaxti bailarako lagunekin batera herrira bueltatu ziren. Iritsi ahala Ttakuneko begiraleak pista jokoetara jolasten jarri zituzten guztiak. Gose pixka bat egin ondoren Xirimiri elkartean bazkaldu zuten bapo. Iparraldekoen eta bertakoen bazkalostea antzekoak direla ikusi ahal izan zuten, guztiak karta jokoetan aritu baitziren. Hurrengo egunean, Txuri-Urdinean patinatzen eta kolpe batzuk hartu ondoren hiria oinez ezagutzen aritu ziren. Azken egunean, Errealaren entrenamendua ikustera gerturatu ziren Zubietara. Baina, kontatu digutenez, Errealeko jokalariak asteburuko partidua prestatzen buru belarri zenbiltzan eta kasu gutxi egin zieten. Hala eta guztiz ere, honek ez zien gosea kendu, ikastolako sarreran denak eskuan otartekoa zutela harrapatu baikenituen eguerdian. Otartekoa amaituta Larzabaleko bidean jarri ziren.
Errepikatzeko esperientzia Lore Indart eta Maia Iribarne harrapatu genituen Larzabalera bueltatzeko autobusa hartu aurretik. Lore Indart Maider Galardiren etxean eta Maia Iribarne Janire Arroyorenean izan dira Lasarte-Orian izan ziren egunetan. Iparraldeko bi neska hauek senidetze kontu honekin "biziki ongi" pasatu dutela kontatu digute. Lore eta Maia bizi diren herriaren eta gurearen artean desberdintasun handiak daudela esan digute: "Han herrixka txikietan bizi gara eta etxe asko herritik kanpo daude. Lasarte-Oria, berriz, hiria handia da". Gainera, gustatu zaie gure herrian ikastola etxetik gertu egoteak: "Gu autobusa hartu behar dugu ikastolara joateko", dio Maiak. Ikastolara joateko 30-45 minutu inguru, eta beste hain beste etxera itzultzeko, behar dituztela kontatu digute. Trukea amaituta, egun horietan egin dituzten harreman berri horri jarraipena emateko asmoa dutela adierazi digute iparraldeko bi ikasle hauek, "bikain pasa dugu eta bueltatzea espero dugu".•