Gutxi gorabehera hilabete daramazu Alavesen lanean, nola ari zara moldatzen?
Lan asko dago egiteko eta oso pozik nago, baina mantxo samar doa guztia. Araba osoan, Alaves taldearen futbola zabaldu nahi dugu eta batasuna lortu. 42 talde inguru dira guztira. Horietatik bostek, ordea, Realarekin hitzarmena sinatua dute eta beste hiruzpalauk Athleticekin. Gure helburua guztiekin hitz egin eta jokalari gazte horiek Alavesera gerturatzea da. Reala Gipuzkoan eta Athletic Bizkaian direnaren pareko izatea nahi dugu Alaves.
Aztertzeko izan duzun denboran, Araban zer moduzko gazteak daudela iruditzen zaizu?
Probetxuzko baten bat talde guztietan egon ohi da. Bizpahiru askotan. Dena dela, oro har, agresibidadea falta dutela iruditzen zait. Motel samarrak direla, alegia. Ondo jokatzen dute eta lana ere gogoz egiten dute, baina lehiakortasun izpiriturik ez dute. Hala ere, arazoa aipaturiko batasun falta horretan dagoela uste dut. Entrenatzaile guztiekin hitz egin eta metodologia bakar bat jarri behar dugu guztion artean. Hori martxan jartzean ikusiko ditugu emaitzak.
Nolatan amaitu duzu Alavesen?
Niretzat ezusteko handia izan zen. Manek deitu zidan. Hura Alaveseko entrenatzailea izan zen UEFA jokatu zuten garaian eta egun, harremanetan jarraitzen du taldearekin. Fernando Ortiz Zarate presidenteak nirekin hitz egiteko gogoa zuela esan zidan. Hala, hitz egin, lana eskaini eta baiezkoa eman nuen segituan. Asko gustatu zitzaidan eskaintza. Euskal Herriko lurralde bateko taldearekin hori egin nahi izatea oso erakargarria iruditu zitzaidan.
Beste taldeen eskaintzak aztertzea pentsatu al zenuen?
Reala utzi ondoren, lehenengo lau hilabeteak nahiko lanpetuta igaro nituen. Liburu bat prestatzen aritu nintzen. Ondoren, Euskal Herriko selekzioarekin aritu nintzen lanean. Gabonak pasata, urduritzen hasi nintzen. Hainbat aukerari bueltak ematen nizkion bitartean, ordea, eskaintza hau egin zidaten. Ez nintzen saiatu ere egin beste taldeetan begiratzen. Reala utzi eta segituan ez nuen edozertan sartu nahi eta nahiago izan nuen denbora hartu. Aukera honekin, ordea, gazte jendeari irakasten arituko nintzela ikusi nuen eta aurrera egitea pentsatu. Irakasten aritzeak asko motibatzen nau.
Gabonetatik aurrerako garaian burutik pasa al zitzaizun futbola uztea?
Aurten 49 urte egingo ditut futbolean eta etenaldi bakarra iazko udan, Reala uztean, egin nuen. Urte asko dira profesio honetan eta gehiegi gustatzen zait uzteko. Gabonetatik aurrera ez nuen lan finkorik, baina zerbait banuen beti. Batera edo bestera, banekien ez nuela utziko.
Aurreko denboraldian Reala jaitsi egin zen. Orain, Alaves jaitsieratik oso gertu dabil. Garai zailak tokatzen ari zaizkizu.
Futbola halakoxea da, boladaka doa. Realean 18 urtetan, azken hiru urteak kaskarrak izan dira, aurretik ere halako beste bi izan ziren... Normala da. Azken 50 urtetan Lehen Mailan aritu diren taldeetatik hiru bat izango dira jaitsi ez diren bakarrak. Egia esan, tristea da halako egoeratan egotea. Alaves Bigarren Maila Bra jaitsiko balitz agian taldea desagertuko litzateke eta taldeko partaide guztiak urduri ikusten dituzu. Baina ni oso baikorra naiz.
Realean 18 urte egin ostean, taldea uztea gogorra egingo zitzaizun.
Azken urteak ez nituen batere ongi pasa. Presio gehiegi bai kanpotik bai barnetik. Haserrealdiren bat ere izan nuen… Taldea gaizki doanean bakarrik heltzen dira kritikak. Orduan izendatzen dira errudunak eta horrek amorrarazi egiten nau. Kanpotik ez ezik barnetik ere konfidantzarik ez zegoela ikusi nuen eta hoberena taldea uztea zela.
Realaren bolada kaskarra taldearen barneko egiturak eragin zuela esan izan da. Langileria kokatua zegoela, ez zela behar bezalako lanik egiten... Zer daukazu esateko?
Ongi aztertuta, argi dago gezurra dela. 2001ean J.B. Toshack sartu zenean eta ondoren Roberto Olabe, 10 pertsona joan ziren kanpora. Guztiak berriak baldin badira, nola edukiko dute aukera kokatzeko? Kanpotik egiten diren kritikak dira eta ez dute benetan gertatzen dena islatzen. Nigatik esatea, normaltzat hartzen dut. 18 urte neramatzan Realean eta askok inbidiagatik esaten dituzte halakoak. Egia esan, komentario horiek min asko egin dutela iruditzen zait eta ezin dela esaten den guztia sinestu. Badakit lanbide honetan horrekin bizitzen ikasi behar dugula, baina ez zait onargarria egiten.
Badiolarekin aro berria hasi omen da Realean. Taldea zer moduz joango dela uste duzu?
Oso harreman ona dut Iñaki Badiolarekin eta ezagutzen dudanean oinarrituta, taldearen alde lanean oso ongi ari dela iruditzen zait. Gainera, orain postu onean daude (elkarrizketa egin zen egunean 3. postuan) eta denok dakigu garrantzitsuena garaipenak izaten direla.
Pako Ayestaranek esana: "Merkea dago Realeko lehen taldera igotzea".
Hori zergatik esan zuen jakiteko hoberena berari galdetzea da. Niri behintzat ez zitzaidan batere gustatu adierazpen hori. Nik uste Realean zein beste taldeetan lehen taldera igotzea nahiko zaila izaten dela, eta ze esanik, ez mantentzea.
Orain, baina, lehen baino harrobiko jokalari gehiagok jokatzen dute. Benetan kalitatea dutelako da ala dirurik ez dagoelako?
Ez nago ados. Luis Urangaren denboraldian, esaterako, partida gehienetan etxeko zazpi jokalarik jokatzen zuten. Alberto, Fuentes, Loren, Pikabea, Aranzabal, De Pedro eta Idiakez irteten ziren zelaira. Gerora kanpoko 7 jokalari izatera heldu ginen, baina bertakoek ia partida guztietan jokatzen zuten. Hori boladaren arabera izaten da. Batzutan kolpera tokatzen dira jokalari onak.
Alaves eta Realaren arteko derbirako hilabete pare bat falta da, baina Ligako azken aurreko partida izango da. Bi taldeentzat erabakigarria izango dela uste duzu?
Bai, dudarik gabe. Partida garrantzitsua izango da. Bai Alavesek Bigarren Maila ziurtatzeko bai Realak igotzeko, biek puntu horiek beharrezko izango dituzte.
Suposatuz Alavesek ordurako Bigarren Maila ziurtatua duela, baina Realak garaipena beharrezkoa lukeela mailaz igotzeko, txuri-urdinek irabaztea nahiko zenuke?
Reala igotzea nahi dut, baina Alavesen alde egongo nintzateke. Bi taldeek beren helburuak lortzea espero dut.•