Erraustegiaren egitasmoak legea ez duela betetzen alegatu du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2008ko apirilaren 4a

Lasarte-Oriako Udalak erraustegia Zubietako gainetan, Arzabaletan, erraustegia jartzeko Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko Aldaketa Puntualaren Aurrerapenaren aurrean alegazioa aurkeztu du.

Orain hilabete bat Lasarte-Oriako Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko Aldaketa Puntualaren Aurrerapenaren aurrean alegazioa aurkezteko asmoa zuela aurreratu genuen. Dagoeneko, alegazioa aurkeztu dutela jakin arazi dute.
Erraustegia Arzabaletan ezartzeko egitasmoak “legea ez duela betetzen” argudiatzen du Udalak aurkeztutako alegazioan. Batetik, Donostiako Udalak aurkeztu duen Aldaketa Puntualaren Aurrerapena eta Ingurumen Inpaktuari buruzko Baterako Ebaluazioak ez du inolako erreferentzia dokumenturik jasotzen, “modu honetan ez da legea betetzen”.
Bestetik, alegazioan azpimarratzen da aldaketa Puntualaren Aurrerapenak Jaurlaritzak 2006an onartutako Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia 2020 ez duela betetzen. Honen arabera, “hirigintza planak, azpiegitura ekonomiko berriek eta ekipamenduek dagoeneko urbanizatuta dagoen lurraren berrerabilpena lehenetsi behar dutela”.
Azken argudioa errausketa plantaren gertutasunari dagokio. Kaltegarriak, osasungaitzak eta arriskutsuak diren jardueren araudiak dio plantaren instalazioak biztanleriaren erdigunetik 2.000 metroko distantzia gorde behar duela. Hau dela eta, errefusatu zituen Donostiako Udalak Aritzeta eta Eskuzaitzetako kokalekuak. Lasarte-Oriako Udalak ez du ulertzen “zergatik momentu honetan argudio berak ez duen balio”.
Ana Urchueguia alkateak adierazi duenez, “ez dituzte aintzat hartu Lasarte-Oriako Udalak orain arte egindako idatziak; kokalekua hautatu duten arren, ez daudela ezaugarriak batere definituta, ez eta ondoan beharko dituen azpiegiturak ere; azterketa osatu batek kontuan izan behar zuen zein eragin izango duten jarduera horiek lurraldean. Lasarte-Oria izango da ondorio garrantzitsuenak jasango dituen udalerria. Horregatik guztiarengatik, arrazoi guztiak kontuan hartzea eskatzen dugu”.•