Unai Muñoa Nafarroa Oinez-eko Hip Hop Egunean “Bertsoaren eta rap-aren artean zubi lana egiten dugu”

Txintxarri 2008ko apirilaren 4a

Unai Muñoa, bertsolari lasartearra diziplina berria probatzen ari da. Bertsoa eta rap-a uztartzen ditu Xabier Silveira Lesakako bertsolariarekin eta Aritz Sound Sistem Hernaniko musika jartzailearekin osatu duen hirukoteak. Bertsound Sistem izenarekin larunbatean Nafarroa Oinez-ek antolatzen duen Hip Hop egunean izango dira, Anaitasunan gaueko 21.30etatik aurrera Violadores del Verso Zaragozako talde ezagunarekin batera. Saltsa askotan ari da aspaldion lasartearra eta beraz badu zer kontatua.

Unai Muñoak, bertsoa du ogibide, bertso-irakaslea da, eta zaletasun. Hamaika Bertute ekimena dela eta, edota txapelketak direla eta, plazan kantatzeko aukera izan du aspaldion eta Kubara ere eraman ditu bertsoak. Jorratzen ari den azkena, bertsoa eta rap-aren nahasketa da. Raperoak bertsolarien pareko direla jakin dute gainera: "Bertsolariak bezala aritzen dira bata bestearekin. Batallas de Gallo horiek internet-en ikus daitezke. Base bat jarri eta inprobisatzen hasten dira. Forma agresiboa hartzen du, elkarri egurra ematen diote mugarik gabe. Duten jarrera eta diskurtsoa kalekoa da, oso gogorra. Raperoekin hizketan, jakin dugu inprobisaketari garrantzia ematen hasi direla, txapelketak egiten dituzte eta hasi dira tematizatzen, gaiak jartzen. Kuriosoa da. Nolabait etxean prestatutako gauza asko eramaten omen zituzten horrelako inprobisazio lehiaketetara, eta horregatik hasi dira gaiak ematen. Horretan ere antzekotasuna bertsolaritzarekin, historikoki azken 30 urtetan gaiaren bidez funtzionatu dugun bezala, ba hori, rap-era heltzen ari da".
Bertsolari gisa ezagutzen zaitugu, baina nolatan rapeatzen edo rap musika egiten? Nola sortu zen ekimen hau?
Egia esanda kasualitatetik sortu zen proiektua da. Inguruan izan ditut beti mundu horretan oso sartuta daudenak, Zigor Lampre, Bakero, ... hip hopean murgildu direnak buru belarri. Zigorrekin esperimentu bat egin nuen hemen bertan Lasarteko euskararen maratoian eta gero kasualitatez atera diren gauzak dira. Ordizian egin genuen beste bat: Hernaniko Aritz Sound Sistem-i deitu zioten horrelako zerbait egiteko, hark niri deitu zidan, nik Silveirari deitu nion eta gurea inprobisazioa denez, instintoari segi genion.
Noiz izan zen hori?
Urte beteko kontua da, gutxiago, seguru aski.
Orain artean zer egin duzue? zenbat saio edo?
Ordiziako esperimentuaren ondoren ikusi genuen bazegoela mundutxo bat hor, bide inportante bat egiteko zegoela baloratu genuen. Gero Iruñeatik deitu ziguten: Ordiziako eredua ikusi eta Hip Hop Eguna antolatu nahi zutelako Nafarroa Oinez-en aitzakitan eta oraindik Euskal Herrian rap-aren inguruko mugimendua oso erdalduna dela ikusirik, guregana jo zuten euskal kutsu hori emateko.
Hori izango da larunbat honetako ekitaldia?
Bai. Bi saio esperimental egin ditugu horren harira, guk bilatu ditugunak eta entsaio modura erabili ditugunak, bat topagunean Lezon eta beste aurreko astean Zumaian.
Nola sentitu zarete edo zer inpresio daukazue?
Ni, egia esan, saltsa honetan sartu banaiz da saltsa guztietan sartzen naizelako. Baina oraindik deseroso sentitzen naiz, niretzat oso mundu ezezaguna da, musikari ez diot kasu handiegirik egin orain arte eta erritmoari jarraitzea eta rap estilora egokitzea konplikatua da niretzako. Saiakerak egiten ari gara eta oraindik formatu honetan eroso sentitu ez arren proiektua oso erakargarria egin zait.
Gure ustez, rap-a entzunez eta proiektuari gogotsu helduz zerbait oso polita egin daitekela ziur gaude, bizitzako beste arlo guztietan bezala ekinaren bidez egina gutxienez satisfakzio pertsonalerako oso aberatsa bait da eta hori nabarituko du entzuleak.
Gauza berria da, ba al da aurrekaririk?
Rap-a euskaraz bai, lehen aipatu dudan Zigor Lanprek eta lagunek, Selekta kolektiboa osatu zuten, eta gauzak egin dira. Honen berezitasuna da zubi lana egiten dugula rap eta bertsoaren artean. Hasteko rap-a euskaraz gutxi dagoelako eta ikusten dugulako bietan kontzeptu asko daudela amankomunean, bai errimak, diskurtsoa, mezua,... biek funtsean jomuga berbera dute eta gure helburua zubi lana egitea da, nolabait honekin zerbait potentea egin baino prezedente bat sortu nahi genuen, erakutsi egin daitekeela bertsoa eta rap-aren arteko fusiorik, eta horretan esperimentatzen bada, garai berrietara egokitu daitekeen zerbait polita atera daitekeela. Rap-a oinarrian badelako inprobisazioa, eta bertsolariok inprobisatzen dugunez bi mundu horiek uztartuta, iraultza txiki bat suposatu dezake eta rap-a euskaraz bultzatzeko ere aukera bat izan daitekeelako.
Silveirak aipatu du, "Hip hoparekin baino areago, errima erabiliz egiten den guztiarekiko atxikimendu-hurbiltasun bat sentitzen dugu bertsolariok". Ados al zaude?
Bai, eta gero, horrekin batera, bada nik uste beste kontu garrantzitsua bat: Silveira eta biok zerbaitek motibatu baldin bagaitu aldaketa izan da. Orain arte bertsotan beti egin dugu metrika baten barruan; kulturalki eta tradizionalki datorren egitura baten barruan egiten dugu bertsotan eta molde horiek hautsi eta haratago joateak sortzen zigun halako zera bat: berrikuntzak, mugak hautsi, musika-erritmoak sartu, gaur egungo gazte jendeari erakargarriagoa egingo zaion produktu bat sortzen saiatu,... baina egia da oraindik esperimentazio prozesuan dagoela eta egonkortu behar duela.
Zer moduz uztartzen dira? zein zailtasun ikusten dizkiozu?
Zailtasunak ez dira berez bi munduak uztartzen zailak direlako, zailtasunak dira, bi mundu hauetan gaudenak, bata bestearengandik oraindik nahiko urrun gaudelako da, rap-ean mugitzen den jendea bertsoetatik urrun dago eta bertsotan mugitzen garen gehienok rap-etik urrun gaude, ez ditugu baseak dominatzen, erritmoak, rap estiloak,... seguru aski jaioko balitz bertsolari rapero bat, bertsotan aritzen den norbait eta rap-a izugarri gustatzen zaiona, ba hark konbinazioa nahiko erraz lortuko luke.
Zer moduz Silveirarekin? bera izan da bertsolarion artean arlo hau gehiena esperimentatu duena, ezta?
Nik uste Silveirak daukana dela batez ere denbora gehiago, kar, kar, Horrek mesede egiten dio. Silveira, bai, ni baino sueltoago ikusten dut. Errazago moldatzen da, batetik badituelako musikarekin aurrekariak, bi talde izan dituelako eta musikaren edota erritmoaren gainetik kantatzen ohituago dagoelako, eta zer esanik ez bera artista delako, jenio bat; kapazitate handiak ditu eta bera oso eroso sentitzen da esperimentazio horretan: rap-a deskubritu du eta ikusi ditu antzekotasunak. Orain internet bidez ezagutu ditugu Batallas de Gallo delakoak, raperoak inprobisatzen eta elkarri kristorenak esaten. Flipatuak gaude. Antzekotasunak ikusi dizkiogu eta erronka berriak edo moldeak hausteak, Silveirari eta bioi erakargarri egiten zaizkigu. Hori kutsakorra da, biok elkarrekin harreman polit bat egiten ari gara eta seguru aski batak besteari bultzatzen diogu aurrera egiteko eta esperimentatzeko,....
Oraindik hausnarketa prozesuan gaude. Gure lehenengo saioa eta benetako ekitaldi serioa larunbat honetako izango da. Benetan, serioski hartu eta lehenengo aldiz saiatu gera zerbait txukuna prestatzen. Behin Iruñeakoa pasatzen denean eseri eta ikusi beharko dugu aurrera jarraitu nahi dugun promozionatu edo aurkeztu nahi dugun, edo dena delakoa.
Nolakoa izango da Iruñeakoa?
Ikuskizun berezia da. Bere osotasunean da espektakulua ez da bertsoa bakarrik.Uztarketa da, hip hop-aren munduan bertsoa uztartzea da. Lehenbizi Xabier eta biok bertsotan egiten dugu 5-10 minutu modu tradizionalean, gero raperoek euren bi edo hiru abesti kantatzen dituzte beraiek prestatuta daukaten hori egiten dute. Gero breakerrak, break-dance egiten duten gazte batzuk ateratzen dira; horiek gainera izugarrizko abildadea daukate eta jendea erraz bereganatzen dute. Azken koktela da fusio hori, rapero eta bertsolariak uztartu eta gu saiatu raperoaren estilora edo musika basearen gainean zerbait egiten; rapero eta gure arteko komunikazio bat sortzen, baina beti ere inprobisazioan oinarrituta.
Aritz Sound Sistem-ekin arituko zarete...
Bai bera da gure DJ-a
Eta izenik ba al duzue?
Bertsound Sistem, izena jarri genion; eta erabaki gabe dugu baina bere izena Aritz Sourn Sistem den bezala, geure buruari jarri genion izen artistikoa, MC (emzi) Silver eta MC Muñoa (emsi garai batean New York-eko auzoetan sortu ziren raperoek hartze n zuten izena edo)
Bestela zer moduzko bizitza? Bertsoarekin lotuta, ezta?
Bertsoa da momentu honetan nire ogibide, bizibide, zaletasun,... Gainera oso gustura aukera daukagulako plaza batzuek izateko eta bertsotan aritzeko; txapelketa pasa berritan nahiko konforme lortutako emaitzekin; hor dago Hamaika Bertute ekimena ere, gazteontzat proiektu motibagarria; beraz, aurrera pausu asko ematen e ta buru belarri horretan.
Hortaz ere jardun nahi nuen. Batetik Hamaika Bertute dela eta, bestetik azkenaldian zenbait txapelketa direla eta,... kantatzeko eta medioetan izateko aukera izan duzu....
Beterriko txapela irabazi genuen Iker Zubeldia, Nahikari Gabilondo eta hirurok; Gipuzkoako txapelketan hasieran markatutako helburuak sobera beteta geratu dira eta Hamaika Bertute da azken urteotan bertsolaritzan proiektu oso inportante bat; elkartuarazi gaituena bertsolari pilo bat; aukerak eman dizkiguna kanturako,.... Sortu eta urtebetera balantzea egin dugu eta Hamaika Bertute bidez urte betean 200 saio egin ditugula jakin: lortu dugu belaunaldi bereko bertsolariak elkartu eta hitz egin: bertsogintzari buruz, gure errealitateari buruz, zer nahi dugun, zer ez dugun nahi, non kantatu nahi dugun. Hausnarketa politak ekarri ditu eta iraultza txiki bat ere bai. Alde horretatik pozik.
Eta azkenik, Kuban zer moduz?
Kuba niretzat deskubrimentua izan da. Iaz joan ginen aste santuan Aberri Eguna ospatzera, eta bertsotara. Lujo bat izan zen, batetik Kubako decimistak ezagutu genituelako, bertako bertsolariak, eta aukera izan genuelako beraiekin saio bat izateko. "Encuentro del decimista y bertsolari" deitu zioten. Hemen “seguidilla” deitzen den doinu bat erabiltzen da, inoiz bukatzen ez dena, eta hori berez Kubarra da Alexix izeneko decimista bati entzun genion lehen aldiz, eta handik hona ekarri dugu. Aukera izan nuen gainera “seguidilla” doinuan berarekin kantatzeko, berak erdaraz eta nik euskaraz.