Harrera ezin hobea Maite Zuñigarentzat

Txintxarri 2008ko api. 7a, 02:00

Maite Zuñiga Olinpiadetan eta mundu txapelketetan ibilitako atleta dugu, hala ere oso gustura sentitu zen Lasarte-Oriako Milan. Lagun arteko giroan ondo babestu zuten herriko guztiek eta gainera beteranoen kategorian lehen postua lortu zuen.

-Zer moduz sentitu zara Lasarte-Oriako Milan?

Oso ondo, primeran! Jende asko egon da eta ikusleek ondo animatu dute. Harrera ona egin didate denek, etxean bezala sentitu naiz, oso gustura. Amaia Andrés gainera ezagutzen nuen, hainbat lehiaketatan parte hartu dugu elkarrekin eta berari esker etxean egongo banintz bezala sentitu naiz.

-Lasarte-oriako Milak zer du beste lehiketa haundi horiek ez dutena?

Ez du ezeren faltarik, baina garai txarretan ospatzen da. Zaila da orain atleta profesionalak hona etorri ahal izatea, denboraldi erdian daude eta lehiaketarako prestatzen dira garai honetan. Garaia ez da aproposena.

-Umeekin egon zara, zer moduzkoak kirolari gazteenak?

Kategoria batzuetan parte-hartzea oso handia izan da, besteetan aldiz ez. Batez ere mutilak dira gehien animatu direnak eta asko ikusi ditugu lasterketan. Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko neskak animatu behar ditugu guztion artean kirolean ibili daitezen. Gazte asko kirola uzten bukatzen dutenak eta jarrai dezaten saiatu behar dugu denok.

-Aurtengo helburuetako bat emakumezkoen atletismoa sustatzea da, beharrean al dago?
Beti egon da emakume gutxiago kirol guztietan, ohitura faltagatik edo dena delakoagatik. Baina gaur egun ere jaiotza-tasa txikiagoa da lehengoa baino horregatik parte hartzea ere gutxitu da. Kirol fitxei begiratzen badiegu oso gutxi daudela ohartuko gara, beste herrialdeetan baino kirolari gutxiago dago hemen. Hala ere emaitza oneko kirolariak dira gutxi horiek. Uste dut eskolatik sustatu behar dela batez ere kirola, haurrak, esan bezala, animatu behar dira kirola utzi ez dezaten. Orain ez da lehen bezala, orain diruagatik egiten da eta horregatik zailagoa da entrenatzaileak eta umeen kirol heziketan parte hartuko duen jendea topatzea, jada ez da zerbait altruista.