Lasarte-Oriako V. Mila giro ezin hobean ospatu zen larunbatean

Txintxarri 2008ko apirilaren 7a

Larunbatean ospatu zen Lasarte-Oriako V. Mila. Eguraldiak lagundu zuen, egun eguzkitsua atera zen eta lasterketa ikustera jende asko gerturatu zen. Giro polita egon zen arratsalde osoan zehar. Animoak entzun ziren bai herrikoentzat eta baita aurtengo gonbidatu berezienentzat Maite Zuñiga, Juan Carlos Higuero eta Dolores Checarentzat.

Seniorren lasterketak izan ziren zirrara gehien sortu zituztenak. Emakumezkoetan Valencia Terra i Mar taldeko Diana Martinek lortu zuen lehen postua 04:52ko denborarekin, bigarrena talde bereko Dolores Checa izan zen 04:53ko denborarekin, hau lasterketa buru izan zen une batzuetan baina azken esprintean erabaki zen lasterketa. Hirugarren postua Carrefour taldeko Pilar Ansorentzat izan zen 05:07ko denborarekin.

Gizonezko seniorren lasterketako lehenengo postua Juan Carlos Higuerok lortu zuen. Arandakoak 04:20ko denborarekin Milako errekorra gainditu zuen. Azkenerarte egon zen lehia eta azkenean Pablo Villalobosek bigarren postua eskuratu zuen 04:21eko markarekin eta Javier Carriqueok hirugarrena 04:21ekoarekin. Emakumezkoen moduan hau ere lasterketa lehiatsua izan zen.