Atzo, Saiatuz Kirol Taldeak antolatu zuen I.BTT Trabesian 186 lagunek parte hartu zuten. Txirrindulari guztiak Okendo Plazan, goizeko 9:00etan irtetzeko prest zeudela, irteera eman behar zuen bozinak ez zebilen, beraz, Harkaitz Zubillagak taulatuko megafoniatik 1,2,3, ya esan ondoren abiatu ziren guztiak. Trabesiak bi aukera eskaintzen zituen: bata Buruntzara igo, 22 kilometrotako froga edo Buruntzako buelta eman ondoren Andatza mendira igo, guztira 44 kilometrotako trabesia.
Igandeko proba herrikoian parte hartu zuten guztiek helmugan sagardo botila eta kamiseta bat jaso zuten. Gainera, partehartzaile guztien artean kirol materiala zozketatu zuten, ez zen sari banaketarik egin.
Proba gogorra eta polita
Zirkuitu motzeko lehenengo hirurak ondorengoak izan ziren: Julen Ikatza (Katagorriak taldekoa), Beñat Iriondo (talderik gabe) eta Erik Urdabide (Katmandu taldekoa). Julenek proba ondoren nahiko gogorra izan zela azaldu zigun: "nahiko teknikoa da. Mota honetako probak egin ditut, baina hau gogorra iruditu zait. Batez ere, Buruntzako jeitsiera. Dena lokaztuta zegoen eta askok bizikletatik jaitsi behar izan dute". Beñateri ere gogorra egin zaio, "batez ere hasierako zatia eta jaitsiera oinez jaistekoa zen". Erikek esan zigunez, "zirkuitua oso polita da, baina lasterketa motza izateko oso gogorra”.
Zirkuitu handiko lehenengoak uste baino lehenago iritsi ziren Okendora: Josu Varona Caravanas Oiarzun taldekoa (1h54), Alex Urkiola lasarteoriatarra eta Buruntzazpi Txirrinda Eskolakoa (1:57) eta Jesus Zamora atzetik.
Aitor Urruzola lasarteoriatarra eta Katmandu taldeko kidea aurretik eta bakarrik joan zen Andatzako puntaraino, baina 4.n sartu zen: "nonbait galdu egin naiz jaisterakoan". Hala eta guztiz ere 2h02n egin zuen zirkuitu handia.
Josu Varonaren ustea zirkuituaren bigarren zatia askoz ere gogorragoa zen: "Buruntzako jaitsiera gogorra da baina bizikletaz egin dut, baina Andatzako igoera batzuetan bizikletatik jaitsi behar izan dut".
Neska gutxi
Hiru neska besterik ez zuten izena eman atzoko proban. Leire Fernandez de Lezea lasarteoriatarra eta Saiatuz taldeko kideak zirkuitu motza bi ordutan egin zuen eta lehena izan zen helmugara iristen. "Askotan bizikletatik jaitsi eta igo behar izan dut, gogorra izan da, baina oso polita".
Balorazio positiboa
Hitz egin dugun txirrindulari guztiei trabesia asko gustatu zaiela eta errepikatuko dutela esan digute. Antolakuntzakoak pozik azaldu dira lortu duten arrakastarengatik. "Ikaragarria izan da. Gure aurreikuspenak gainditu ditugu. Ehun partaide ez genituela izango esaten ziguten eta ia berrehun lagun parte hartu dute. Gainera, ez da arazorik izan eta ez da ezer gertatu. Beldur pixka bat genuen Buruntzako jaitsierarekin lokatza asko baitzegoen eta zorionez ez da ezer gertatu".
Saiatuz kirol taldekoen asmoa proba hau antolatzen jarraitzea da. Aurreratu digute buru belarri ari direla mendiko lasterketa bat prestatzen. Beraz, honen berri ere emango dizuegu aurrerantzean.
Harkaitz Zubillagak Saiatuz taldearen izenean I.BBT Trabesia antolatzen lagundu duten guztiei eskerrak eman zizkien, "horrelako proba bat antolatzeko beharrezkoa baita laguntza hori guztia": Batasuna, Ostadar K.F, bide gurutzetan eta abituailamentuetan aritu direnak, hamaiketakoa prestatu duten sukaldariak... eta Bestelako laguntza eskaini dutenei ere esker mila Saiatuz taldearenen partetik: Indartuz (Borja Apeiztegia), Patxi Larrañaga harategia, Nafarroako Grupo Arizaun, MKL bizikleta denda (Mikel Calvo) eta Langlass.
I.BTT Trabesiako argazkiak aurki www.ostadarkf.org webgunean ikusi ahal izango dituzue.•