Atzo, Saiatuz Kirol Taldeak antolatu zuen I.BTT Trabesian 186 lagunek parte hartu zuten. Txirrindulari guztiak Okendo Plazan, goizeko 9:00etan irtetzeko prest zeudela, irteera eman behar zuen bozinak ez zebilen, beraz, Harkaitz Zubillagak taulatuko megafoniatik 1,2,3, ya esan ondoren abiatu ziren guztiak. Trabesiak bi aukera eskaintzen zituen: bata Buruntzara igo, 22 kilometrotako froga edo Buruntzako buelta eman ondoren Andatza mendira igo, guztira 44 kilometrotako trabesia.
Igandeko proba herrikoian parte hartu zuten guztiek helmugan sagardo botila eta kamiseta bat jaso zuten. Gainera, partehartzaile guztien artean kirol materiala zozketatu zuten, ez zen sari banaketarik egin.
Proba gogorra eta polita
Zirkuitu motzeko lehenengo hirurak ondorengoak izan ziren: Julen Ikatza (Katagorriak taldekoa), Beñat Iriondo (talderik gabe) eta Erik Urdabide (Katmandu taldekoa). Julenek proba ondoren nahiko gogorra izan zela azaldu zigun: "nahiko teknikoa da. Mota honetako probak egin ditut, baina hau gogorra iruditu zait. Batez ere, Buruntzako jeitsiera. Dena lokaztuta zegoen eta askok bizikletatik jaitsi behar izan dute". Beñateri ere gogorra egin zaio, "batez ere hasierako zatia eta jaitsiera oinez jaistekoa zen". Erikek esan zigunez, "zirkuitua oso polita da, baina lasterketa motza izateko oso gogorra”.
Zirkuitu handiko lehenengoak uste baino lehenago iritsi ziren Okendora: Josu Varona Caravanas Oiarzun taldekoa (1h54), Alex Urkiola lasarteoriatarra eta Buruntzazpi Txirrinda Eskolakoa (1:57) eta Jesus Zamora atzetik.