Noa, hoa!

Txintxarri 2008ko apirilaren 11

*Apirilaren 11-n Noa kantari israeldarraren kontzertua iragarri da Tolosako Leidor antzokian.

Egunotan nonnahi ari gara aditzen Tibet herriaren zapalkuntzari aurre egiteko Txinaren aurka boikota egiteko deia, Txinan egiteko diren Olinpiadak berak ere boikoteatzeko proposatu dute hainbatek, eta ez litzateke hain harritzekoa izango, gerra hotzean ere Mosku (1980) eta Los Angeles-eko (1984) olinpiadetan egin baitziren boikotak, eta kirol arlotik atera gabe, ezin aipatu gabe utzi, munduan egin den boikot kanpaina eraginkorrena: Hegoafrikako estatuak herritar beltzak zapaltzeko egiten zuen Apartheid politikaren kontra egin zena.

Hegoafrikako kirol erregeak ere, rugby-ak, 'pairatu' zuen boikota. 1981ean, adibidez, Hegoafrikako 'Springboks'-ak ezin ziren inora joan jolastera, herrialde guztietan boikota egiten zieten eta. Zelanda Berrian salbu. Apartheid garaian bertara jolastera joan ziren azken aldian, ordea, hegazkin pribatua hartu behar izan zuten, izan ere hegaldi 'publiko'-etako azafatek boikota egiten zieten. Zelanda Berrira iritsi orduko protesta eta liskar handiak izan ziren partida guztietan, eta polizia eta manifestarien arteko borrokaldiak zirela eta, azken partida bertan behera utzi behar izan zuten.

Hegoafrikako gobernuak dirutza eskaintzen zuen musika taldeak eta kirol taldeak Hegoafrikara erakartzeko,bai eta arlo ezberdinetako beren herrialdeko ordezkariak Hegoafrikatik mundura atera zitezen ere. Gakoa argia da: normaltasun itxura ematea.

Boikot kanpaina hark apartheid politikaren suntsipena bilatzen zuen, Hegoafrikako estatua isolatzea, eskubiderik gabekoak laguntzea. Eta eraginkorra izan zen.

Israelgo estatua Palestinar herriaren zapalkuntzan oinarritzen da bere sorreratik eta gaur egun arte. Izan ere, horixe baita sionismoaren oinarria: 'jenderik gabeko lur bat, lurrik gabeko jendearentzat'. Leloa bete ahal izateko arazoa palestinar herritarrak ziren eta dira. Horregatik, Israelek desagertarazi behar zituen eta ditu, horregatik 4 miloi errefuxiatu eragin ditu, 12.000 preso politiko, lotsaren harresia, olibondoak erauzi, hilketa masiboak, ura kendu eta argia eten... Estatu sionistak jarraituko du genozidioa azken burura eraman arte, geroago eta ankerrago.

Palestinarren arma bakarra erresistentzia eta bizirik irautea da, presoak bezala, bere askatasuna amesten du eta bere ametsa borrokatzen du. Borroka desorekatua, zalantzarik gabe, baina Palestina guztiz ez desagertzea lortu duena, izan ere, izugarriak baitira palestinarren kemena eta duintasuna.

Bestalde, Israelek munduaren aurrean genozidio hau gauzatu ahal izateko, dirutza inbertitzen du arlo guztietan normaltasun itxura emateko: kirola, kultura, zientzia, irakaskuntza... Hegoafrikak egiten zuen bezala, beren herrialdera artistak, kirolariak, pentsalariak, musika-egileak eta turistak erakartzen dituzte eta bueltan israeldar kultur, kirol edo musika ordezkarien bidez, estatu eta gizarte normalaren itxura ematen du.

Palestinarrek kemena, duintasuna eta bizitza ematen dute herri gisa ez desagertzeko eta guri eskatzen diguten bakarra, guri Palestinako 170 kultur eta herri mugimenduk eskatzen diguten bakarra, Israeli boikot egitea da: boikot politikoa, ekonomikoa, kuturala, akademikoa, kirol arlokoa...

Hegoafrikako errugbilariak jatorrak ziren edo ez, ez zen kontua, zer ordezkatzen zuten baizik. Noari boikota eskatzean, Israeli boikot egitea eskatzen ari gara. Eskatzen ari gara Tolosako udalak ez dezala berriro israeldar ordezkaririk Tolosara gonbidatu, eskatzen ari gara musikazaleok ez gaitezela konplizeak izan, eskatzen ari gara euskal herritarrok Palestinaren eskubideen alde eta Israelgo estatu sionistaren kontra mobilizatu gaitezela eta, jakina, eskatzen ari gara Noak ere Palestinar herriaren suntsipenaren kontra egin dezala eta Israelgo estatuaren enbaxadore kulturala izateari utzi diezaiola.

Euskal Herriak sionismoari stop

Askapena