Herriko igerilariak Euskadiko Waterpoloko Selekzioarekin

Txintxarri 2008ko apirilaren 11

Madrilera joan dira herriko Amaia Amiano eta Miren Bardaji Waterpoloko txapelketa jokatzera. Pozik bueltatu dira lortutako emaitzarekin eta oso ondo pasa dute nahiz eta denbora libre askorik izan ez duten

Txintxarri

Zer moduz txapelketan?
Oso ondo. Laugarren postua eskuratu dugu. Aurten hasi gara jokatzen, lehenengo urtea da eta pozik gaude emaitzarekin.

Zenbat taldek hartu dute parte?
Sei talde ginen, Kataluniakoak, Madrilgoak, Ceuta eta Andaluziakoak, Aragoikoak, Nafarroakoak eta gu, Euskadikoak.
Maila handia egon da. Batez ere Katalunia eta Madrilgoen artean. Azkenean katalanek irabazi zuten baina bi ekipoak ziren onak.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso ona, oso ondo pasa dugu. Ostiralean joan ginen eta igandean bueltatu, igerilekutik hotelera eta hoteletik igerilekura ibili gara. Ez dugu Madriletik ibiltzeko aukerarik izan baina gustura egon gara. Gainera beste ekipoetako jende asko ezagutu dugu.

Selekzioarekin bueltatzeko asmorik ba al duzue?
Aurtengoa da azkeneko urtea. Gero ez dago selekzioarekin jokatzeko aukerarik. Kategoria gehiagorik ez dago, neskena, geurea da azkena, 16 urtetik aurrera mutilen selekzioa besterik ez dago waterpoloan. Hala ere bestela, Hernaniko ekipoarekin jokatzen dugu.

Berez igerilariak zarete. Noiz hasi zineten igeriketan?
Betidanilk! Urteak daramatzagu... Lehenengo mailatik, orduan, bederatzi urte gutxi gorabehera.

Zer moduzko denboraldia daramazue igeriketan?
Nahiko ona, Euskadi eta Gipuzkoako txapelketetan egon gara eta amaitza onak izan dira, pozik gaude.

Nolatan hasi zineten waterpoloan?
Kategoria absolutuan jokatzen dugu, helduek jokatzen dute kategoria horretan. Jende asko joan zen, horregatik jendea behar zuten eta gu joaten gara partidoak jokatzera. Gainera betidanik entrenatu dugu elkarren ondoan, eskolarretan jokatzeko aukera ere izan dugu baina orain aukera izanda animatu gara.

Oso desberdinak dira igeriketa eta waterpoloa, ezta?
Bai. Waterpoloa taldeko kirola da eta askoz dibertigarriagoa da. Igeriketako entrenamenduak gogorrak dira, asko lantzen dugu gorputza eta entrenamendu ordu gehiago dira waterpolokoak baino. Waterpoloa lasaiagoa da.

Bat aukeratzekotan?
...Waterpoloa. Oso desberdinak dira baina waterpoloan taldekoekin egoten zara, kideen artean harreman handia dago eta oso ondo pasatzen dugu.•