Gazte ikastaroen emaitza bikaina

Txintxarri 2008ko apirilaren 11

Gazteentzako ikastaroei buruzko iritzi baikorra dute parte hartzaileek, 5etik 4,73ko nota jarri baitiote. Bestalde, hilaren 14an hasiko dira, Emakumeen Zentro Zibikoak antolatu dituen ikastaro eta jarduera k. Batzuk doakoak izango dira.

Txintxarri
Gazteentzako ikastaroen lehen hiruhilabetea aste honetan amaitzen da. Balorazio ona egin dute parte-hartzaileek eta bostetik 4,73ko nota jarri dute. Lehenengo tarte honetan erreflexoterapia, tarota, batuka, perkusioa eta zeinuen lengoaia ikasteko aukera eskaini da.
Gazteria eta festetako sailak egindako inkestaren arabera arrakasta gehien izan duen kurtsoa tarotarena izan da bostetik bosteko notarekin. Gainera ikastaroetara joandako guztiak pozik geratu dira egindako lanarekin eta bigarren zati bat egitea gustatuko litzaieke ikastaroarekin jarraitzeko.
Zeinuen lengoaia izan da tarotaren ondoren nota hoberena atera duena 4,63koa, erreflrxoterapia atzetik 4,5ekin, batuka 4,14ko notarekin eta azkenik perkutsioa 4ko notarekin, ez dira emaitza txarrak. Aurkeztutako eskaintzari ere nota jarri ditote ikasleek 4,38koa. Monitoreak ere izan dira balora gai inkesta honetan eta nota altuarekin aprobatu dute guztiek, nota bajuena 4,6koa izan da bostetik.
Inkestaren emaitzek gabeziak ere azaleratu dituzte eta horiek espazio eta ordutegi kontuak izan dira. Hala ere, bigarren hiruhilabeteko ikastaroentzat proposamenak bildu dituzte eta hauek kontuan hartu dira eskaintza prestatzerako orduan, adibidez barreterapia, estresaren maneiua edo sabel-dantza ikastaroak prestatu dira. Ikastaro hauek eta beste hainbat apirilaren 14etik aurrera hasiko dira.
Jesus Maria Zaballos Gazteria eta festetako saileko buruaren hitzetan ikasleen artean ikusi den poztasuna ikusita "ekimenarekin aurrera egitera animatu" ditu sailean.

Emakumeen ikastaroak
Lasarte-Oriako emakumeen zentro zibikoak ikastaro eta jarduerak antolatu ditu herriko emakumeentzat. Apirilaren 28an hasiko dira eta uztailaren 4ra arte luzatuko dira. Ekintza aukera zabala dago adibidez mantentzeko gimnasia, kantua, orratz lanak, boliak, antzerkia, frantsesa eta yogan aritzeko aukera dago, gainera batuka, automakillajea edo sevillanak ikastekoa. Jantzi konponketan eta patroiak egiteko jarduerak ere antolatu dituzte. Eskulanak egitera, bideo-forumera, idatzizko eta ahozko adierazpena ikastera eta irakurketaren txokora ere gerturatu zaitezke edo bestela hazkuntza pertsonalerako edo inteligentzia emozionaleko ikastaroetara. Batzuk goizez eta besteak arratsaldez izango dira gutxi gorabehera 10:00etatik 20:00ak bitarte.
Izenak apirilaren 14tik 25a bitarte eman daitezke goizez edo arratsaldez Emakumearen Zentro Zibikoan, Aralar enparantzako 5.ean. Jarduera baten balioa 35,50 eurokoa da; birena 42,50 eurokoa; hirurena 46,50koa eta lau edo gehiagotan 49,50 euro. Dena den, ikastaroetako batzu doakoak izango dira baina izena eman behar da. •