Bertsolarien saioa eta herritarren musika, poesia, dantza eta antzerkia nahastuko dira Barrenak Astinduz: 19an 19:00etan

Txintxarri 2008ko apirilaren 11

Barrenak Astinduz lelopean ekitaldi zabal eta berezia antolatu du Ttakun Kultur Elkarteak apirilaren 19an Lasarte Oriako Kultur Etxean arratsaldeko 19.00etan. Arte espresio ezberdinak bertsoz lotu edo uztartu nahi dira Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxeko espazio ezberdinetan. "Eraikinak berak garrantzia izango du, eta publikoak duen jarrerak ere bai. Horren baitan izango da saioaren arrakastaren zati haundi bat" Mailu Arruti antolatzaile taldekoak aurkezpenean adierazi zuenez. Helburuak, besteak beste, bi dira, Kultur Etxea erakustea, batetik, -askok ez dute eta dituen baliabideak ezagutzen-, eta herrian egiten diren gauzak zabaltzea, bestetik, guztia bertsoen saltsa eta piperrarekin nahastua.

Zerbait berria ikusiko dute hilaren 19an larunbatez kultur etxeko ekitaldira hurbiltzen direnek. Horixe nabarmendu zuen, Mailu Arruti Ttakun kultur elkarteko ordezkariak, aurreko asteartean egin zen aurkezpenean: "ekitaldi bat egingo dugula esango dugu baina ez dakigu ondo zer den. Horrelakorik ez dugu aurretik ezagutzen eta lehenengoak izango gara. Bertsolariek pisu handia izango dute baina herriko beste disziplina askok ere bai".
Bi ordu inguruko saio-ekitaldia izango dela espero dute. 50 bat herritar eta sei bertsolari izango dira bertan: Andoni Egaña, Xabier Paya eta Maddalen Arzallus, kanpotik datoz eta beste hirurak lasarte oriarrak dira, Patxi Etxeberria beteranoa, Zigor Iriondo, jada bertsotan eskarmentua duena eta Ane Labaka, gaztetxoa.

Haria, bertsolariek
Bertsoak eramango du ekitaldiaren haria, baina herrian egiten diren beste kultur iharduerek lekua izango dute, musika, antzerkia, poesia, dantza...
Modu egokian azaldu zuen Mailu Arrutik Ttakunen asmoa: "ekitaldiaren inguruko detaile gehiegi ez dugu emango, publikoa sorprenditu nahi dugulako. Erne egon dadila jendea, eta ez dezala ohiko bertso saiorik espero".
Ttakuneko ordezkariak aurreratu zuenez, "espazioak garrantzi handia izango du, eraikinak, berak etxeak, eta publikoak ere bai. Publikoaren jarreraren menpe izango da saioaren arrakastaren zati handi bat. Ikusleak ematen zaizkion irizpìde, pauta edo konportamentuak jarraitu beharko ditu".

Herritarrak oholtzan
Aurkezpenean izan ziren ekitaldian parte hartuko duten batzuek, edota bertan izango diren taldetako arduradun-ordezkariak: Seiek ordezkatu zituzten burutuko diren iharduera ezberdinak eta ekitaldian zuzenean parte hartuko duen 50 bat pertsonako taldea.
Denak dira lasarteoriarrak, edota Lasarte-Oriako kultur taldeekin hartuemana dutenak, kanpotik datozen hiru bertsolariak izan ezik.
Aspalditik zetorren ideia da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez hilabete pare batean gauzatu da. Finean, zera izango da batetik Kultur Etxeko eraikineko espazioak erabili eta herritarrei ezagutaraztea eta bestetik herrian arte espresio ezberdinak besteak beste bertsolaritza, dantza, musika, antzerkia edo poesia egiten direla erakustea.
Ttakun elkartearen helburu nagusiak beraz, kultur etxe osoa ezagutzeko aukera eskaintzea, disziplina bakoitzak izan dezakeen ikuslea besteekin nahastea eta horrela batak bestearen berri izatea, bertsoa beste espresio batzuekin uztartzeko modukoa dela frogatzea eta azkenik Lasarte-Orian maila oneko artistak eta kultur produkzio ona dagoela erakustea dira.
Sanpedrotako saioa
Aurrekari bat badu saioak, iaz sanpedrotan egin zen bertso saioa. Landaberri antzerki eskolakoekin elkarlanean burutu zen ekitaldia berezia izan zen, Joxe Kruz Labakak azaldu zuenez, "jendeari asko gustatu zitzaion; normala da oso ondo atera zelako, baina ikusleen artean zabaldu zen bertso saio arrunt batetik asko aldendu zela".
Beraz, Bertso Eskolak zera erabaki du sanpedrotako saioa bere horretan uztea, hau da, gai jartzaile eta sei bertsolarirekin modu tradizionalean antzokian saioa eginez eta berez lehen Errege egunarekin batera egiten zen saioa udaberrira atzeratu eta zerbait berezia egin, batetik bertsolaritzaren bide berriak jorratuz eta bestetik ikusle berriak erakartzeko.
Apirilaren 19ko saioa antolatzaileek espero duten bezala ateratzen bada urtero errepikatzeko asmoa dute eta aurtengoan Kultur Etxean izango ez diren beste lasarte oriar batzuei gonbidapena luzatu eta horrelako ekitaldi berezian parte hartzeko aukera eskainiz.
Nahiz eta erronka handia izan, eta zailtasunak izan direla aitortu, konfiantza ere handia dute antolatzaileek. Mailu Arruti Ttakun Kultur Elkarteko ordezkariak parte hartuko dutenen gogoa eta ausardia nabarmendu zituen aurkezpenean, batez ere zera azpimarratuz, parte hartzeko proposamenari denek eman diotela baiezkoa. •

Argazkiaren oina:
Denetik izango da apirilaren 19ko ekitaldian. Parte hartuko duten taldeetako ordezkariak izan ziren Mailu Arruti Ttakun elkarteko ordezkariarekin batera aurkezpenean: Estitxu Garmendia antzerki taldekoa, Amaia Atxega piano irakaslea, Joxe Kruz Labaka Bertso Eskolako kidea, Maider Oiartzabal dantza irakaslea, Kontxu Iartza antzerki-dantza taldekoa eta Xabi Beldarrain batukada irakaslea. Ekitaldiarekin Ttakunek ikusleak kultur etxera erakarri nahi ditu, batetik eraikin osoa erakusteko eta bestetik batzuen jarraitzaileek besteena ezagutu dezaten.