Amiantoaren inguruko hitzaldi hunkigarria Jesus Uzkudunen eskutik

helena-ferreras 2008ko apirilaren 14a

Lasarte-Oriako Ezker Batuaren lokalean amiantoaren inguruko hitzaldia eskaini zuen Jesus Uzkudunek. CC.OO sindikatuko lan osasuneko arduraduna da eta eskarmentu handia dauka gaiaren inguruan. Amiantoaren erruz gaixo dagoen jende asko ezagutu du azkenaldian eta ahal duen moduan laguntza eskaintzen die laneko gaixotasuna dutela aitortu dadin.


Hitzaldia gogor hasi zuen, amiantoaz ari garenean osasun arloko hondamendiaz ari garela esanez. Nazioarteko Laneko Erakundearen datuen arabera urtean 100.000 hildako daude arazo honen ondorioz .
Amiantoa aspaldiko gaia dugu. Dagoeneko debekatuta dago baina oraindik erabiltzen da. Ondorioak hogei, hogeita hamar eta berrogei urte igarota azaleratzen dira Mesioteliomarekin gehienetan. Mesotelioma biriketako minbizia mota bat da. Oso gaixotasun azkarra da eta kasu asko ari dira azaleratzen azkenaldian. Minbizia honek ez du amiantoa ez den beste jatorririk, beraz, mesotelioma bat detektatuz gero badakigu zein den bere jatorria.

Gaur egun, minbizia sortzen duten beste hainbat substantziekin aritzen dira asko egunero beraien lanpostuetan, eta amiantoaren istorioak ikasbidea izan behar du gaur egungo langileei hogei urte barru amiantoarekin ibili zirenei gertatu zaiena gerta ez dakien. Horregatik da hain garrantzitsua guztiok gai honen berri edukitzea, langileek prebentzio neurriak hartu beharko lituzkete substantzia arriskutsu ezezagun hauen aurrean. Adibide moduan Uzkudunek egurraren zerrautsa aipatu zuen. Zerrauts mota askok sortzen dute minbizia eta jende asko dabil zerrauts artean lanean

70 eta 80.hamarkadetan 1.500.000 tona inportatu ziren Espainiara, beraz, edozein bazterretan topatu dezakegu amiantoa. Amiantoa beroaren aurrean duen erresistentziagatik hasi zen erabiltzen, barkuak eta trenak amiantoz egiten ziren goitik behera. Baina beste gauza askotarako erabiltzen zen, eraikuntzan, eskularruak egiteko, plantxatzeko taularen mantetan, teilatuetan eta abar luze bat. Uzdunek esan zuenez eraikin gehienetan zuloak egin ezkero amianto arrastoak aurkituko genituzke. Horregatik lortu nahi den beste gauza bat amiantoa dagoen gune edo tokien inbentarioa litzateke. Askotan gertatzen da etxe bat konpontzera doan langile bat paretak botatzen hasten dela eta amiantoa aurkitzen du jakin gabe lan gunean. Amiantoa aurkituko dela jakingo balu neurri bereziak hartuko lituzke lanean aritzeko.Esan beharra dago Amianto guztiak ez direla berdinak eta gainera guztioi ez digutela era berean eragiten Arriskutsuenak hauts bihurtuta dagoenean da arnastu eta zuzenean birikatara sartzen delako. Uzkudunek adibide moduan jarri zigun New Yorkeko kasua. Irailaren 11eko atentatuak. berak baino hildako gehiago sortuko ditu dorreak eroritakoan han bertan sortu zen hautsak, estrukturaren zati handi bat amiantoz estalita baitzegoen”.

Gaixo hauentzat ezbeharrik handiena lanerako ezintasuna ez dietela onartzen da. Medikuak ez badu esaten minbizia amiantoaren erruz sortua dela, ez da laneko gaixotasun moduan tratatzen. Amiantoaren gaixoen arazorik nagusiena beraz hori da, aitorpena. Medikuaren lana da minbizia nondik datorren esatea. Vall d´Hebron Bartzelonako ospitaleak egindako ikerketa batean biriketako minbizien %10ak amianto arrastoak zituela ikusi zuten.Medikuek non, eta nola egiten duzun lan galdetu beharko luketela dio Jesus Uzkudunek, peoiak eta ingeniariak ez direla era berean hiltzen.

Sindikatuetan egin behar da lana handia oraindik guztiek ez dutelako horrelako arazoetan muturra sartzen. Enpresa askotako nagusiek ez dute nahi gai hau argitara atera dadin kalte-ordain izugarriak hartu beharko lituzketelako berengain
Dagoeneko abokatu asko etorri da Erresuma Batutik hango esperientziagatik badakitelako gai honek dakarren dirutza pila zein den.

Hala ere, gai honek langileen arteko liskarrak ekar ditzake, autonomia erkidego batzuetan gertatu den bezala. Enpresari askok ez dute ordain-sariak pagatzeko besteko dirurik eta enpresa itxi egiten dute gainontzeko langileen kaltetan. Horregatik askok ez dute nahi gaixo hauek ezagutarazi daitezen haien enpresa eta hala haien lanpostua jokoan dagoelako. “Ez dugu hau gertatzerik nahi”dio Uzkudunek. “Lortu nahi duguna konpentsazio fondo bat sortzea da, manifetsazio handi bat egin nahi dugu Madrilen fondo honen eskaera aldarrikatzeko” Frantziak, Alemaniak, Belgikak eta beste herrialde batzuek duten modua.

Egoera jakin batengatik galdetu genion Jesusi, askok enpresa desberdinetan egin dute lan eta Mesiotelioma detektatuz gero zaila da jakitea non dagoen jatorria, hau da zein enpresa den erruduna. Bere erantzunak biktimentzako konpentsazio fondoa sortzearen garrantzia indartu zuen. Kasuren batean arduradunik aurkitzen ez bada beharrezkoa da konpentsazio fondoa egotea hori edukitzea. “Uzkudunen esanetan terrorismoaren biktimak bezalakoxeak dira hauek eta konpentsazio bat merezi dute.

Langilearen eguna gertu dugula aprobetxatuz eta hau guztia konpontzeko edo behintzat gutxika bada ere pausoak ematen joateko asmoarekin mobilizazioak egingo dira estatuko hiri gehienetan. Batez ere Madrilen egin nahi dute iskanbila gehien gizartea arazoaz ohartarazteko eta agintarien arreta deitzeko.