Areto-futbola, I. maila
Buenetxea taberna 3 (J. Cabo, Intxa, Zuri)
aldaz hortz klinika 0
Lasarte-Oriako bi talderen arteko derbia Buenetxea tabernak 3-0 irabazi bazuen ere lehia ez zen bukaera arte erabaki eta biak ere areto futboleko Gipuzkoako maila gorenean talderik onenetarikoak direla erakutsi zuten. Argi dago, puntuak baino gehiago egon zela derbian jokoan.
Galdu arren Aldaz taldeak sailkapeneko lehen postuan jarraituko du, bigarrenari zazpi puntuko aldea ateratzen bait zion partidua hasi aurretik. Buenetxeak aldiz liderrari irabazita pausu handia eman du lehen lau talderen artean sartu eta azken fasea jokatzeko.
Erkidego mailara igoera izango da jokoan, baina Lasarteko taldeek ez dute argi aurrenak izanda ere mailaz igoko diren. Iaz Aldaz izan zen txapelduna, igotzeko aukera zuen, baina ez dute igo nahi izan, Bizkaiko talde asko daudenez eta bertara joan-etorri asko egin behar direnez, aurten ere Gipuzkoako lehen mailan ari dira.
Larunbat arratsaldean polikiroldegia jokatu zen partiduari dagokionez, amaiera bitartean eta batez ere lehen zatian oso argi ikusi zen bi taldeak, herrikoak izanik, oso ondo ezagutzen dutela elkar. Horrela ez zen joko bikainik ikusi etagolik gabe, 0-0 berdinketarekin amaitu zen lehen zatia.
Golak bigarren zatian
Bigarren zatia hasi eta berehala aurreratu zen Buenetxea taldea, Jabi Cabok sartu zuen golari esker. Ondoren bigarren zati osoan lehia oso irekia izan zen. bi taldeek izan zituzten aukerak. Egia esan irabazleek kontraerasoan izan zituzten onenak eta hauetako batean, Aitor Intxausti “Intxa”k sartu zuen lehia erabakita utziko zuen gola, bukatzeko hiru minutu falta zirela. Gero, Aldaz taldeak atezaina aldatu eta asko arriskatuz bost jokalarirekin ari zela, atezainik gabe, hirugarren gola jaso zuen. Miguel Jimenez “Zuri”k sartu zuen partida amaitzear zela. Aipagarria da Intxak bigarren gola sartu zuen jokaldian mina hartu zuela sorbaldan. Besaburua aterata eritetxera eraman behar izan zuten.
Lasarte-Oriako bi talde hauek ondo ari dira Gipuzkaoko lehen mailan. Biek dute igoera fasean sartzeko aukera. Atzerago dago herriko beste taldea, Isu leihoak.•