Lehen aldiz egingo da horrelako jaia Gipuzkoan, Euskal Eskola Publiko Berriaren alde lanean diharduen Sortzen-Ikasbatuak elkarteak proposatuta. Asmoa, hain zuzen ere, urtero Iruñeako Takoneran egiten den Nazio Festara Gipuzkoatik zubi bat eraikitzea da. Beraz maiatzaren 18an Iruñean ospatuko den festa handirako motor beroketa izango da Aiakoa.
Festa xumea izatetik kalitatezko euskal eskola publikoaren alde dauden guztien bilgune izatera pasa da Takonerako jaia eta Gipuzkoako ikasle, guraso eta langile talde batek bultzada eman nahi izan dio Aiako festa antolatuz.
Eskola euskalduna
Hain juxtu elkartearen helburu eta nahia balioetan oinarritutako Euskal Herri osorako eskola publiko euskalduna sortzea da eta horixe eskatuko da Aia eta Iruñeako jai egun horietan. Gainera, elkarteak sortu nahi duen eskola ereduan ikasle, guraso eta langileek denek izan behar dute lekurik, denek bat egin eta parte hartu behar dute gogoko Eskola berria eraikitzeko, eta datorren igandean festan ere denek izango dute lekua. Helburu horiekin bat egiten duten guztiak bilduko dira eskaera horiek festa giroan egiteko.
Aiako egitaraua zabala da, goizean mendi irteera, herri kirolak eta jaialdia, eguerdian kantu bazkaria eta haurrentzako tailerrak, eta arratsaldean erromeria izango dira. Lasartearrek parte hartze zuzena izango dute: batetik txistulariak eguerdian eta arratsaldean trikitilariak. Joan nahi dutenentzat autobusa antolatu du Landarberri- Garaikoetxea ikastolak. Hiru euro balio du txartelak eta izena aurretik eman beharko da ikastolan. 9:15ean aterako da autobusa ikastolatik bertatik. Mendira joan etorria egiteko asmoa dutenak garaiz helduko dira beraz.
Egitarau zabala
Goizeko 10etan abiatuko dira nahi dutenak Aia inguruko mendietara. Gero, Aiako frontoian egingo den jaialdia 12etan hasiko da. Ordu bete inguru iraungo du eta Porrotx, Txapas soinujolea, Jon Maia eta Aitor Sarriegiren saioekin batera, Gipuzkoako zenbait ikastola eta eskoletako ikasle, guraso eta langileek emanaldiak tartekatuko dira, besteak beste, txistulari, abeslari, dantzari, bertsolari eta musikarienak.
Ordubatetan hasiko da herri kirol jaialdia. Bertan haur zein helduek, guztiek, parte hartzeko aukera izango dute eta ondoren ordubietan kantu bazkaria helduentzat Kanua jatetxean. Bazkarirako kopuru mugatua da, izena eman beharko da aurretik 943 303 504 telefono zenbakian eta 15 euro ordainduko dira paella, oilasko errea, postrea, kafea eta edarien truk.
Haurren bazkaria norberak etxetik eramateko gomendatzen da. Bazkaorduan frontoian haurrentzako tailerrak izango dira eta bazkalostean Lasarte-Oriako Ama Lur trikiti taldeak alaituko du erromeria.
Erronka garrantzitsuak
Jose Mari Agirretxe ari da Aiako festaren antolaketan. Berak adierazi digunez gaur egun hezkuntzaren arloan erronka garrantzitsuak ditugu esku artean, besteen baitan utzi ezin direnak. “Delegazioaren garaian bizi gara, hezkuntza ikastolaren esku uzten da, baina euskaraz ikasi baino euskaraz bizi nahi badugu, ezin da hori inoren esku utzi, denon parte hartzea eskatzen du. Bi ardatz horietan, euskara eta euskal kultura, zein giza baloreak jorratzerakoan elkarlana edo auzolana oinarrizko osagaiak dira, ezin dira delegatu”. Agirretxeren iritziz, eskola bezain garrantzitsuak dira etxea eta kalea. Hiruki bat da erpin bakoitzak garrantzi handia duena eta horretan denak gara beharrezko. Eskolan irakasleek gurasoen laguntza behar dute, etxean beste gurasoen eta familiaren elkarlana eta kalean Ttakun bezalako elkarteek pisua badute ere, denon laguntzarik gabe ez da zer eginik.
Guzti hori aldarrikatuko du Sortzen Ikasbatuak-ek, hezkuntzako ereduen gainetik hezkuntza euskaldunaren garapena, guztien parte hartzea, Euskal Curriculuma,... eta festarekin lotuz, egun pasa bikain baterako proposamena luzatu du.
Nafarroa Garaiko Sortzen eta EAEko Ikasbatuaz elkarteen bategitearen ondorioz sortu zen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko elkarteak argi du euskal hezkuntza eredua: Euskalduna eta eleanitza izan behar du; erabat doakoa eta pedagogi berrikuntzan aitzindaria; Kalitatea ardatz duena, diskriminazio mota guztiak baztertzen dituena, laikoa, hezkidetzan oinarritua, eta integratzailea; Autonomoa, pedagogian zein kudeaketan; Langileen iraunkortasuna eta finkotasuna ziurtatuko duena eta erabat Demokratikoa, eskolako partaide guztiei (ikasle, guraso, irakasle eta langile) aukera emanez proiektuan zein kudeaketan eragiteko eta erabakiak hartzeko. Gaur egun, Nafarroa Garaiko, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hirurogei ikastetxetako ordezkariak ari dira lanean elkarteko hainbat proiektutan. •