Txintxarri
Aurtengo antolatzaileak Askapena Komite Internazionalistak eta Xirimiri Elkartea izan dira baina urte hauetan parte hartzaile gehiago izan ditu, SOS Arrazakeria, Saharako Lagunak eta abar luze bat. Adierazten duten elkartasuna elkartasun politikoa da, zentzu horretan ulertzen dute laguntza eskaintzeko modua.
Hamar urte hauetan errealitateak aldatu dira eta horrekin elkartasuna eskaintzeko era ere moldatu dute. Hitzaldi formatua garaiz kanpo geratu da, geroz eta jende gutxiagok hartzen du parte eta zaila izaten da arreta mantentzea horregatik jardunaldi hauetan berrikuntza ekintzen aldaketa izan da. Ezberdinak dira antolatutako ekintzak. Egitarauari begiratuz gero kontzertuak, DVD emanaldiak, diaporamak, hitzaldiak, ipuin kontalariak eta afaria ikusiko ditugu. Egitaraua urtarrilean hasi ziren prestatzen eta ideia askeak lotzen osatu zuten, ildo jakin bati jarraitu gabe, baina gehien jorratuko den gaia indigenena da.
Ostiralean hasiko dira jardunaldiak. Lehenengo kontzertuak Jalgi tabernan izango dira, K.B.D Lasarte-Oriako taldeak irekiko ditu elkartasunaren ateak musika akustikoko emanaldiarekin. Ondoren Harresian Zulokoak eskenatokian, hauek hemengo musika doinu afrikarrekin nahastuko dute, musika desberdina entzuteko aukera bikaina. Asteburua bukatuta astelehenean "Muerte en Gaza" DVDa proiektatuko dute Palestinarekin elkartasuna adierazte arren, emanaldia Xirimiri Elkartean izango da. Palestinak pairatzen duen egoera latza salatu eta elkartasun politikoa adierazteko. Asteartean, hilaren 22an, maputxeei buruzko hitzaldia egongo da kulturetxean. Emakume maputxe bat izango da hizlaria, Moira Millan. Asteazkenean Sahararen inguruko diaporama emango dute. Askotan Saharako kanpamenduetako bizitza ezagutzen dugu baina ez dugu beste errealitatea ezagutzen, alegia, beraiek basamortuan bizi dira baina badaukate lurralde bat, mendebaldeko Sahara. Diaporama askatuta daukaten lurraldean grabatuta dago, eta gutxiago ezagutzen dugun egoera horretara gerturatzeko aukera izango dugu. Ostiralean "Kontu Kantoi" Lasarte-Oriako kontu kontalariak egongo dira Jalgin, indigenei buruzko azken antzezlana aurkeztuko dute bertan. Ondoren Mix6T taldearen kontzertua, oraingo honetan ere musika mestizoa entzuteko aukera herrian. Euskaraz, gazteleraz, arabiarrez eta frantsesez abesten dute doinu afrikarrekin nahastuta.
Jardunaldiei bukaera emateko urtero moduan afaria egongo da Xirimiri Elkartean apirilaren 26 larunbatean. Urtero menu ezberdina prestatzen da eta aurtengoa afari nikaraguarra izango da. •