Barrenak Astinduz ekitaldiaren haria sei bertsolarik eramango dute: hain zuzen ere Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Xabier Paya, Zigor Iriondo, Ane Labaka eta Patxi Etxeberria arituko dira lan horretan. Berau da zaharrena eta berarekin izan dugu elkarrizketa.
Zer nolako aldartean, gogotsu al zaude larunbateko saiorako?
Gogoa badaukat, lasai nago; gero momentua heltzean eragiten du efektu txiki bat.
Tentsio piskat ondo dago, baina gehiegi ez. Saioan izango den batek aurreko astean esaten zidan: "dagoeneko urduri nago". Jakina, plaza gutxi dituenak jende aurrera joan behar eta,... buruko lana hasten bada, txarra da hori. Hor ez da neurririk hartzen.
Lasarte-Orian erreferentzia zara, askotan kantatu duzu horrelako saioetan...
Nik ez nuen joan nahi, bueno joan nahi nuen baina esaten nien: Egin zazue gazteok, ni zaharra nago; eta ezetz, nik joan behar nuela. Aukera gutxi izaten dute, eurek saioak behar dituzte. Baina ezetz.
Pozik hartuko zenuen interes hori...
Bai estimatu egiten dut. Bertsoa izugarri maitatzen det, gero askotan, saio txarra atera zaizulako, gaizki pasatu arren.
Bestela, urtean zehar kantatzen al duzu?
Telebistan ez gara ateratzen baina, tarteka-tarteka, batean eta bestean, saio batzuk egiten ditut. Maiatzean San Isidro egunez Urnietan kantatuko dut, abuztuan Mallabian,... Gazte asko dago, horiek dira etorkizuna eta horiek egin behar dute lana. Baina oraindik deitu egiten digute eta horrek poza izugarria ematen digu.
Zer iruditzen zaizu bertsolaritzan bide berriak urratzeko joera, gauza berriak antolatzekoa?
Iaz sanpedrotan egin zen horrelako saio bat, antzerki eta beste, eta nik esaten nuen: bertsozalea den horrek agian ez du hau maiteko, baina pueba bat egitea ez dago gaizki. Horrela, pentsatu eta egin zen. Nik uste oso ondo atera zela gainera. Antzerkilariek ondo egin zuten lana eta oso polita atera zen. Aurten erabaki da oraingo hau horrela egitea: antzerki, dantza eta abarrekin eta Sanpe dro gaueko saioa, bertso saio hutsa, dena bertsoa, izatea. Ez zait gaizki iruditzen.
Gustura sentitu zinen iazkoan?
Bai, bai. Anbiente horretan ederki moldatu ginen.
Ala nahiago duzu saio arrunta?
Nere aldetik ez dago problemarik, ez du horrenbesterainoko garrantzirik. Kontua entzulearen nahiekin asmatzea da. Entzuten dituzu iritziak gero eta denetarikoak dira. Kontuan izan behar dugu beti ezin garela danok gustura geratu. Eguraldi onarekin ere berehalaxe aspertzen gara batzuk.
Zer moduzko seikotea da larunbatekoa?
Polita da. Andoni Egaña eta Xabier Paya bertsotan lan handiak eginda daude, oso landua dute bertsoa.
Bi neska gazte ere arituko dira...
Ane oso ondo aritzen da, bertso eskolan ondo egiten du, txapelketa batzuk ere eskuratu ditu... Honelako plaza aurrenekoa izango du baina aurrenekoa ere egin behar izaten da. Ni badaukat bertsotan ondo egingo duen esperantza. Jakina, ez du behin ere honelako toki batean kantatu, eragingo dio horrek urduritasuna, baina berak oso lasai hartzen du.
Garai batean ez zen horrela neska gazterik kantuan,...
Aginagan bazen Battista Gaztelu bertsolaria, nik lau urte nituela hil zena. Gure etxetik, jaio nintzen baserritik, oso gertu bizi ziren bi anai eta arreba. Hirurak ziren bertsolariak. Orduan ere dirua gutxi izango zen, baina diru piska bat zegoenean ardoa eramaten omen zuten etxera, su bajuaren aurrean jarri eta bertsotan aritzen omen ziren. Gizasemea izango balitz plazara aterako zela diote. Baina, emakumea zenez, ez zen sekula atera. Garai hartan lotsagarria izango zen. Gure garaian ere bertsolaria izatea ez zen fama onekoa. Ardoa orain baino gutxiago izango zen, baina zegoenean bertsotan aritzen omen ziren eta beti entzun izan det onena neska zela.
Kultur Etxea toki egokia al da horrelako saio batentzat?
Bai oso leku ona da. Nik sufritu egiten dut bertso saio bat aditzera joan, bertsolari onenak eraman eta herriko plazan festatan jartzen dituztenean; badakizu, bateko bulla, altaboz eta abarrekin, eta bertsolariak han; pena ematen didate.
Barrenak Astinduz izena eman diote emanaldiari, bertsolariak betidanik eragin du entzulearen barrena, ezta?
Gu zain egon behar, gai jartzeilearen aginduetara. Ez dakizu zer jarriko dizuen, etortzen dena hartu eta ahal bada, ahalik eta ondoen erantzuten saiatu behintzat, beti bezela.
Zer moduz bertso eskolan?
Asteazkenero biltzen gara, talde polita da eta gustura.
Ikastera ala erakustera, zertara zoaz?
Biak egiten ditugu elkarrekin Bertso Eskolan. Beti esan izan ohi da ezjakinak dakinari ere erakusten diola.