Hip Hop Eguna Oriako frontoian bihar

Txintxarri 2008ko apirilaren 18a

Hip Hop Eguna antolatu du herriko Hip Hop elkarteak Udaleko Gazteria eta Festak departamentuaren batera. Iaz ekindako bideari eutsiz II Hip Hop egunean musika mota honen inguruko hainbat espresio modu bilduko dira egunean zehar banatuko diren ekitaldietan.
Arratsaldeko 4etan hasita ekitaldi denak Oriako frontoian burutuko dira. 16.00etatik 18.00etara graffitia izango da protagonista: Batetik horretan profesionalki aritzen direnen erakustaldia ikusteko aukera izango da eta bestalde tailer txiki bat jarriko da probatu nahi dutenentzako.
18.00 eta 19.00ak bitartean break dance erakustaldia izango da eta 19.00etatik 20.00etara parkour, hau, Lasarte-Oriako Soul Riders taldearen eskutik. Girotzeko, Dj Shogo-k jarriko du musika. Zaletasun berria da parkour delakoa eta hirietako trabak modu ikusgarrian gainditzean datza. Pareta, hesi edota beste edozein oztopo modu arin eta erosoan gainditzen dituzte, soilik giza gorputzak dituen baliabideak erabiliz.
Hip Hop jardunaldiaren bigarren zatia gaueko 9etan hasiko da frontoian bertan burutuko den kontzertuarekin. Goizaldeko 3etara bitartean, hainbat musika emanaldi izango dira: Menezo (Andoain), Paula + Jess DJ Yeyo (Hernani/Ordizia), Tuestate de tranks (Donostia), Fal2 + El sé Dj Shogo (Lasarte-Oria), Alma de nómada (Zaragoza) eta SM61 + ADP crew (Lasarte-Oria/Hernani).
Iaz antolatu zen I Hip Hop egunaren emaitza bikain eta harrera onaren ondoren arduradunek bigarrena antolatzea erabaki dute. Udal iturrien arabera, musika ekitaldiak bultzazeko asmoari eusten dio Udalak, herritarren interesari erantzunez eta "orain hip hoparen txanda iritsi da". •