“Mundua aldatu da baina borrokek jarraitzen dute”

helena-ferreras 2008ko apirilaren 21a

Jose Piñasekin egon gara hamargarren Jardunaldi Internazionalistak direla eta. Urteak pasa eta ospakizun eta jarduerak aurrera doaz beste munduetaz arduratzen den jendea oraindik badagoelko. Urte hauek azkar pasa dira hala ere oso aberatsak izan dira antolatzaileentzat. Munduak buelta asko eman ditu eta jardunaldiak buelta horietara egokitu dira.

Dagoeneko X. Jardunaldiak, erraz esaten da baina hamar urte ez dira gutxi. Arrakastatsuak dira Lasarte-Oriako Jardunaldi Internazionalistak?
Bai, behintzat hor daude. Nik uste garrantzitsua dela herrian horrelako espazioak mantentzea. Arrakastatsuak izan diren edo ez beste gauza bat da, jende kopuruaren aldetik denetik egon da. Hasieran jende gehiago etortzen zen, gero beherakada pixka bat egon zen baina kontuan hartu behar da Internazionalismoak ere behera egin zuela urte haietan. Espero dugu egitarau berriarekin jende gehiago etortzea, elkartasuna adierazteko beste era batzuk daude.
Munduan zehar borroka berriak sortu dira eta horiek gauzatzeko era ezberdinak, pentsatzen dut gure elkartasuna adierazteko aldatu behar ditugula erak. Hortik ere ikasi dugu, hamar urteko bidea izan da eta bide horretan beste era batean adierazten ikasi dugu.
Laburbilduz, hamar urte hauek nolakoak izan dira?
Azkar pasa dira, konturatu gabe hamar urte joan dira dagoeneko. Oso sentsazio polita daukagu. Urte hauetan herri eta jende askotaz hitz egin dugu, oso interesgarriak denak. Oso aberatsak izan dira benetan urte hauek. Batez ere mundua nola aldatzen den ikusteko aukera izan dugulako, nahiz eta mundua aldatu den borrokek jarraitzen dute.

Esan duzun moduan hamar urtean zehar gauzak aldatu dira eta zuek ere aldaketekin ikasi eta haiei moldatu zarete, adibidez mezua igortzeko eran teknologia berriak aplikatuz.
Bai, baina ez hori bakarrik. Geografikoki elkartasuna adierazteko zabaldu egin zaigu mundua. Adibidez, Irak, Afganistan, ekialde ertaina deitzen zaion inguru horretan ere elkartasuna adierazteko aukera izan dugu, duela hamar urte ez zitzaigun burutik pasako horren inguruko hitzaldirik ematea. Afrikarekin ere saiatu gara, lehengo urtean eman genuen hitzaldi bat, aurten ere saiatu gara ezin izan dugun arren, baina emango dugu aurrerago. Azpimarragarria da ez dugula bakarrik jarduteko eraren aldetik egin aurrera baizik eta eremuaren aldetik ere, esparru geografikoa zabaldu dugu.

Gizarteak eraginda segur aski, baina geroz eta indibidualistagoak gara, geure buruaz besterik ez gara arduratzen eta gutxiago konprometitzen gara gizartearekin eta ingurukoekin.
Bai, hori dudarik gabe hala da. Horretarako badago sistema bat, sistema neoliberala da ohitura hori bultzatzen duena. Dena dela jardunaldietan parte hartuko dutenek borondatez egingo dute, oraindik badago jende altruista zentzu horretan. Hori ere ospatu nahi dugu, jai giro hori lortu nahi dugu, beste munduetaz kezkatzen den jendea badago eta horrek merezi du ospatzea.

Informazioa emateaz gain ospakizuna ere egingo duzue hor zaudetela ospatzeko orduan?
Baina ez bakarrik ospatzeko baizik eta izateko. Nortasun ez indibidualista hori eta elkartasuna adierazteko. Kontzertuan bilduko gara, taldean, kultura ezberdinak ezagutzeko, musika etnikoa entzungo dugu. Ez da beraz informatzea bakarrik baizik eta egitea eta izatea.•