Dantza ikastaroak datorren asteburuan

Txintxarri 2008ko api. 21a, 02:00
Dantza ikastaroak bi egunetan emango dira. Larunbatean bi saio emango dira eta igandean bakarra. Bertan saltsa, merengea eta tangoaren teknika ikasteko aukera izango dute parte hartzera animatzen direnak. Izena eman nahi dutenek jakin, asteazkena dela horretarako azken eguna.
Txintxarri
Datorren asteburuan hilaren 26 eta 27an hasiko dira. Tailer honekin saltsa, merengea eta tangoaren teknika ikasteko aukera izango dute parte-hartzaileek. Saltsa, Puerto Ricoko musikariek New Yorken jotzen zuten musika izendatzeko erabili zen lehen aldiz eta gaur egun musika kubatarreko hainbat estiloen nahasketari esaten zaio saltsa. Tangoa berriz, Rio de Platako musika eta dantza estiloa da. Koreografiek bikotearen besarkada dute abiapuntutzat eta estiloa sentsuala eta konplexua da nahiz eta izaera guztiz urbanoa den. Merengea Dominikar Errepublikan jaio zen, tanbora, guira eta akordeoiarekin sortzen da tonu alaieko musika genero hau.
Larunbatean, saioak, 10:00etatik 14:00etara izango dira goizez eta 16:00etatik 18:00ak bitarte arratsaldez. Igandean berriz saio bakarra egingo da 10:00etatik 14:00etara. Izen emateak asteazkena arte egin ahal izango dira Manuel Lekuona kulturetxean dagoen gazteentzako informazio bulegoan. Ikastaroen prezioa 41,20 eurokoa izango da herrian erroldatuta daudenentzat, gainontzekoek 77,75 euro ordaindu beharko dituzte parte hartu nahi izanez gero.•