Jose Mari Goenaga / zine zuzendaria
Anarkista, atrakatzailea, falsifikadorea, baina, batez ere, igeltseroa. Horrela deskribatzen dute Lucio Urtubia Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik, Lucio dokumentalaren gidoilari eta zuzendariek. Anarkista asko izan dira munduan, baina gutxik eztabaidatu dituzte estrategiak Che Guevararekin edo gutxik Eldridge Cleaver, Panteras Negraseko liderra, lagundu dute. Honetaz gain, munduko banketxe boteretsuena, First National Bank (egun Citibank) estuasun baten jarri zuen, izan ere bidai txekeen faltsifikazioen bitartez 3.000 miloi pezeta estafatu zizkion, igeltsero lana egun batez ere utzi gabe. Hori da Lucio (Cascante, 1931). Lortu zuen dirua mugimendu anarkista eta ezkertiarrak laguntzeko erabili zuen.
Zerk erakarrita egin duzue Lucio dokumentala?
Italira beste dokumental bat aurkeztea joan ginen eta bertan ekoizle italiar batek Lucioren berri eman zigun. Guk ez genuen ezagutzen Lucio eta berak azaldu zigun Lucio Cascanteko igeltseroa zela, 50.hamarkadan Frantzira joa eta anarkismoa ezagutu ondoren atrakuekin, dokumentuen faltsutze lanetan ibili zela eta City Bank estafatu zuela. Harritu gintuen Lucioren berri ez izatea eta Lucio hain gertukoa izanda ez ezagutzea.
Bueltatu ginean bere biografia irakurri eta Luciorekin kontaktuan jarri ginen. Hasieratik Lucio oso pozik agertu zen. Beldur askorekin joan ginen beregana lan hau proposatzea, gu anarkistak ez garelako, ezagutza gutxi dugulako gaiaren inguruan eta ia-ia esku hutsik joan ginen beregana. Berak esan zigun euskaldunek inoiz ez diotela defraudatu, beraz gustura egingo lukeela.
Nolakoa izan da dokumentazio lana?
Bere biografian datu asko daude eta berarekin denbora asko egon gara hitz egiten. Parisera bidai asko egin ditugu eta dokumentalaren sarrerarako bi astez sakoneko elkarrizketa egin genion. Elkarrizketa oinarritzat hartuta beste pertsonaiak elkarrizketatzen eta artxiboak lortzen hasi ginen.
Lan gogorrena edizioa izan zela uste dut. Zerbait dinamikoa egin nahi genuen. Luciok bizitza klandestinitatean eramatean ez daude argazki gehiegirik. Beti ere ezkutuan eramandako bizitza dauka hor eta hori nola bisualizatu erronka handia izan da.
Dokumentalak ordu t ´erdi irauten du, gainontzeko materialarekin zer egingo duzue?
Luciok esaten digu serie bat egiteko materiala dugula. Baina, esan behar da ere Luciok esaten duen guztia ez dela interesgarria. Gauza asko geratu dira kanpoan, baina ez dakit beste dokumental bat egiteko haina dagoen. Guztira 100 ordu genituen, material asko zegoen eta hortik ordu t´erdi ateratzea oso zaila da.
Dokumentala amaitu ondoren zein sentsaziorekin geratzen zarete?
Lan gogorra da. Beraz, denbora pixka bat behar da distantzia hartzeko. Lan bat bukatzen duzunean denbora pasa arte ez dakizu zein harrera izango duen eta gu suerte izan genuen horretan, dokumentala amaitu eta aste betera esan ziguten Donostiako zinemaldian interesatuak zeudela eta berehala feedback positiboa jaso genuen. Honek lasaitasuna ematen dizu.
Beraz, harrera ona izan du.
Erreakzioa positiboa izan da. Luciok ez dakit zer duen, mota askotako jendeari atsegina suertatzen zaio. Uste dut, berak ideologia bat izan edo beste, azkenean, jendeak bere pertsonalitaterekin eta izaerarekin geratzen dela.
Aukeratu duzuen formatoa ez da erakargarriena aretoetan mugitzeko.
Erabakia batez ere ekonomikoa izan zen. Fikziozko proiektu bat aurrera ateratzeko zailtasun asko daude: diru asko behar da, garai desberdinak azaltzen dira, lokalizazio desberdinak... proiektu oso garestia litzateke. Bestetik, Lucio bera da dokumentalaren erakargarritasun nagusiena eta bera hor zegoen.
Azkeneko Goyetan nominatuak izan zarete.
Sorpresa handia izan zen. Akademiara beti esperantza txiki batekin bidaltzen duzu lana, baina dokumental asko zeuden. Nominatuak izan zitezkeenetatik ez ziren atera. Konpetentzia handia zegoen, Carlos Saura bat esaterako. Lucio gurekin egon zen Goyetan. Ez zuen sinesten, duela 25 urte gartzelan egon eta orain Goyetako galan. Bere bizitza denborarekin ikusteak asko harritzen du. Uste dut, Lucio esfortzu txiki bat egiten ari dela bere bizitza ezagutarazteko. Batez ere, berak bizitzarekiko duen ikuspuntua, eta idealak besteei transmititu nahi die. Bere anarkismoa ebanjelizatu nahiko balu bezala.
Goyetan Lucioren dokumentala nominatua eta Jaime Rosalesek bi sari jaso zituen. Akademiaren irizpideak aldatzen ari al dira?
Oso goiz eta zaila da horrelakorik esateko. Tendentzia orokor bat markatzea zaila da, Akademia jende askok osatzen duelako. Agian, "El Orfanato" megapelikula bezala saldu zuten, jendea saturatuta zegoen eta Akademiakoek honen aurrean erreakzionatu zutela uste dut. Aurten egia esan arraroa izan da. Jende berriarengatik apustu egiten ari direla esaten dute. Bestetik, agian, eskarmentua duten zuzendariek azken aldi honetan ez dira asmatzen ari. Aldaketa horiekin nahiko eszeptikoa naiz, uste dut beste faktore batzuk jokatzen dutela.
Zergatik joan beharko luke jendeak ostegunean zinera Lucio ikustera?
Pertsonai interesgarri bat ezagutu nahi badute joateko. Askotan dokumentala dela jakitean askok atzera botatzen dira, baina gomendatuko nieke animatzeko. Gu zerbait entretenigarria egiten saiatu gara. Ez pentsatzeko dokumentala izateagatik zerbait astuna izango dela. Lucioren bizitza bera oso erakargarria da.•