"Herrialdeen arteko elkarlana beharrezkoa da"

Txintxarri 2008ko apirilaren 25a

Moira Millanek Maputxeen bizimodua, ohiturak eta egungo egoera azaldu zituen asteartean kulturetxean.

Helena Ferreras

Komunitate honek gaur egun ez dauka argi zein momentutan aurkitzen den. Arbasoen istorio batean oinarrituz kontatu zuen hori Moira Millanek. Aurrera ari dira baina ez dakite zein erritmotan, polikiegi agian eta bidean geldituko dira, azkarregi eta ito egingo dira helmugara iritsi baino lehen edo erritmo egokian doaz eta azkenean nahi dituzten helburuak lortuko dituzte. Hala ere, orain duten zeregin nagusia beraienak ziren lurrak berreskuratzea da. Lehenengo espainiarrak saiatu ziren lur horiek indarrez hartzen baina ez zuten lortu eta azkenean Txile eta Argentina egin ziren lurren jabe.
Gaur egungo maputxe gehienak hiriguneetan bizi dira baina oraindik mantentzen dute euren komunitateekin harremana. Ez dituzte ohiturak eta kultura ahaztu horregatik euren izaeraren aitortzea eskatzen diote Txile eta Argentinari. Maputxeek autodeterminazioa lortuko balute, Argentina krisi ekonomiko izaugarrian murgilduko litzake, ekoizpenaren zati haundi bat maputxeen lurretan egiten delako eta estatuei ez zaie hori gertatzerik komeni. Moirak kontatu zuenez Argentinan maputxeekiko dagoen arrazakeria izugarria da, kalera atera orduko irainak entzun behar izaten dituzte. Hirietan bizi direnentzat egunorokotasunaren barruan sartzen dira horrelako baztertze eta gutxiespenak sufritzea.
Errekurtso handikoak dira maputxeen lurrak eta trasnazional asko eta oso ezagunak dira han finkatu direnak. Lurrak erosi eta han kokatu dituzte euren sedeak. Batzuek haurtzaindegiak edo jangelak sortu dituzte bertako haurrei laguntzeko itxuraz eta horrela enpresaren aurpegia garbitzeko. Baina egia esateko horrelako ekintzek indigenen kulturari ez diote batere mesederik egiten. Enpresa handi hauek zentro horien bitartez bertakoen kulturarekin zer ikusirik ez duten baloreak transmititzen dizkietelako haurrei.
Maputxeen komunitateak naturari garrantzia handia ematen dio, betidanik bizi izan dira berarekin harremanean, naturarekin elkarbizitza harmoniatsuan eta hortik dator dioten errespetua. Ulertu behar dugu ez dugula munduaren inguruko ikuspegi berdina, ohiturak, historia eta kultura desberdinak dira oso eta hori da komunitate bakoitza besteengandik bereizten duena.
Moira Millanek azaldu zuenez giza eskubideak, adibidez, ez dituzte mendebaldeko ikuspegitik ulertzen. Moirari oso indibidualistak garela iruditu zaio eskubide indibidualak kolektiboen gainetik jartzen ditugulako. Haiek ez dute hezkuntzarako eskubiderik nahi hezkuntza hori egokia iruditzen ez bazaie, horregatik egiten duten proposamena beste indigena batzuek egin dutenarekin bat datorrena da, eskubide kosmikoak, hauek euren munduaren ikuspegian oinarritzen dira.
Aholku bat eman zuen Moirak, herrien arteko lotura beharrezkoa da borrokarako. Lurraldeen artean komunikatu eta gauzak batera egiteko antolatzea beharrezkoa dela esan zuen. Enpresak beraien artean elkartu eta hitzarmenak egiten dituzte, horregatik iristen dira urrutira. Protestarako eta borrokarako berdina egin beharko genukeela aldarrikatu zuen, elkar lana.•