Elurtza taldeak bigarren "Elgoibar Hiria" lehiaketan

Txintxarri Aldizkaria 2008ko apirilaren 25a

Lasarte-Oriako Udal Musika eskolako "Elurtza" taldeak, "Elgoibar hiria", herri honetako VII. talde instrumentalen lehiaketan parte hartu zuen apirilaren 19an, larunbatean. Taldekideak ondoko hauek izan ziren: Ganix Arrondo pianoa, Jokin Ayerregaray trikitixa, Julen Bas-terra gitarra eta ahotsa, Guillermo Carcedo sintetizadorea, Amaia Iglesias flauta, Nagore Llorens flauta eta ahotsa eta Ana Urraca ahotsa. Iñaki Amas bibolinjoleak eta Iñigo Rodriguez tronpetajoleak ezin izan zuten Elgoibarko lehiaketara joaterik.
Lasarte-Oriako taldeak C mailan (22 urte arte) parte hartu eta bigarren postua lortu zuten. Ondoko bi obra jo zituzten: "killing me softly with his song" N. Giben eta Ch. Foxek egina eta Iñigo Peñak konponduta eta "Solasaldi" Iñigo Peña taldearen irakasle beraren konposizioa. Iñigo Peñak azaldu digunez, “taldearen interpretazioa zoragarria izan zen eta publikoaren txalo zaparrada ederra jaso zuten. Epaimailaren iritzia eta talde guztien maila kontuan izanda, taldeak lortu zuen bigarren postua meritu handia du”. Lehenengo postua Hernaniko Hernasax taldearentzat izan zen eta Legazpiko Big Bandek hirugarrena lortu zuen.
Hiru urtez jarraian Iñigo Peñak irabazitako saria, konponketarik onenaren saria, edizio honetan Roberto Pacheco Hernaniko taldearen irakaslearentzat izan da.
Bestalde, Iñigo Peña pozik azaldu da Elgoibarren lortutakoarekin. Iñigok Eskolako irakasleen lana eta Kultura Batzordea eskertu nahi izan ditu: “talde honetan musika eskolako instrumentu guztiek parte hartzen dute, horregatik irakasleen lana azpimarratu behar dugu, hau aurrera atera ahal izateko haien lana beharrezkoa izan baita. Beraz, sari hau musika eskola guztiarentzat izan dela esan dezakegu. Ezker bereziak Udalako Kultur batzordeari bere laguntzagatik, denok elkarrekin autobusez joan ahal izan genuelako. Era berean, gurekin etorri ziren guraso eta irakasle guztiei ezker bereziak ere bere laguntza oso inportantea izan zen eta. Hurrengo ediziotan parte hartuko dugu, maila beti hobetzeko asmoz”.