Maria Linge 84 urteko ikaslearen gogoa txalotu du Helduen eskolak

Txintxarri 2008ko api. 25a, 02:00

Lasarte-Oriako Helduen Hezkuntza Iraunkorreko zentroan irakurketa eta idazketa bultzatzeko ekitaldi bat egin zen asteazken goizean, nazioartean Liburuaren Eguna ospatzen zela eta. Batetik ikasleek VIII. literatur lehiaketarako idatzitako testuak irakurri zituzten eta bestetik 84 urterekin goizero ikastera joaten den María Linge jaendarraren ahalegina eta ikasteko gogoa txalotu zituen eskolak.

Liburuaren Egunean Idazketa eta Irakurketa bultzatzeko ekitaldia

Asteazkenean, apirilak 23 nazioartean Liburuaren Eguna ospatzearekin batera, herriko Helduen Hezkuntza Iraunkorra HHI zentroak ekitaldi bat egin zuen irakurketa eta idazkuntza bultzatzeko helburuarekin: VIII. literatur sariketako idatziak irakurri ziren eta bide batez, Maria Linge 84 urteko ikasleari omenaldi txiki bat egin zitzaion.
Liburuaren eta Jabetza Intelektualaren egunean, Javier Rodríguez liburutegiko eta literatur tailerraren arduradunak azaldu zituen eskolan burutzen diren egitasmoak. Literatur lehiaketa, tailerra, bi mila liburu inguru biltzen dituen liburutegia, tertulia literarioak... eskaintza zabala du HHI eskolak.

Liburutegiko eskaintza
Liburutegiko arduradunak gonbidapena luzatu zien ikasle guztiei liburutegia erabili dezaten. Hain zuzen ere horixe, irakurketari bultzadatxo bat ematea, izan zen Liburuaren Eguneko ekitaldiaren helburua. Liburutegiaren berri eman zuen bide batez Javier Rodríguezek: bi mila liburu inguru dituzte aukeran ikasleek, gehienak literatura, bere ustez "normala ezagutzari buruzkoak gero eta gutxiago izatea, ezagutza interneten dagoenetik". Ikasleek liburuak hiru astetarako hartzeko aukera dute, eta epe hori luzatu daiteke gero. Arduradunak jakinarazi zuenez, eskolan irakurketa ugaritu egin da: "aurtengo datuak iazkoak baino hobeak dira". Bestalde, urtero liburu berriak erosten direla jakinarazi zuen, aurten 65 "nobedade" eta 20 bat DVD erosi dira. Uzten diren liburuez gain beste asko oparitu egiten dizkiete ikasleei.
Bukatzeko ikasleek idatzitako testuak irakurri aurretik Emilio Lledo idazlearen "Invitación a la lectura" liburuko pasarte batzuek irakurri zituen Rodriguezek.
Lasarte-Oriako helduen eskolako VIII. Literatur lehiaketa dela eta estilo ezberdineko idatziak egin dituzte ikasleek, besteak beste, narrazioak, kontu laburrak eta poemak. Gaiak ere denetarikoak: Burgos hiria, Avilako txoko bat, txakurrak, lasterketetako zaldiak, etorkin baten kontuak, mendia,... gehienak gazteleraz, euskaraz eta inglesez idatzitako bi izan ezik. Taldeka atera ziren beste ikasleen aurrera idatziak irakurtzera eta guztiek jaso zuten opari bana. Lehiaketan ez zen epai mahairik eta sariak emateko zozketa egin zen guztien artean.

Omenaldia
Bukatzeko ezusteko handia eman zioten Maria Linge ikasleari, Lasarte-Oriako helduen eskolako arduradun eta irakasleek beste ikasleen aurrera atera eta omenaldi bat egin baitzioten.
Paloma Redondo Eskolako zuzendariak adierazi zuenez Maria Linge eredua da eskolarentzat bere adorearengatik, egunero jartzen duen gogo eta ahaleginarengatik zein ikasteko duen ilusio eta grinarengatik.
84 urte baditu ere, Jaengo Torres herritik duela 44 urte etorritako emakume adoretsua goizero joaten da eskolara. Zuzendariak bizitzarekiko duen jarrera eta ikasteko gogoa nabarmentzearekin batera, landare bat jaso zuen omenduak, opari egokia atsedenaldietan eskolako loreak berak ureztatzen eta zaintzen dituela jakinik. Ondoren, senarra ezagutu zuen uneari buruz berak idatzitakoa irakurri zuen hunkituta denen aurrean eta bildutako guztien txalo zaparrada ere jaso zuen.•