GR16 bertso bidea martxan

Txintxarri 2008ko apirilaren 25a

GR-16 bertso bidea larunbatean abiatuko da eta udazkenera bitartean hainbat pasarte biziko ditu. Jalgi tabernan arratsaldeko 7etan hasita Lasarte-Oria eta Zestoako taldeak jardungo dira. Egitasmoa duela urte batzuk sortu zen GR4 gisara. Aurten 16 taldek hartuko dute parte, 50 saio eta finala jokatuko dira udazkenera bitartean. Helburua plaza gutxi egiten dituzten bertsolariei kantatzeko aukera ematea da.

Txintxarri

Lasarte-Oriako bertso eskola GR bertso bidea sortu zuten lau taldeetako bat da. Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko taldeek duela bost urte hasitako GR4a, urtez urte, GR5, GR8, GR12 eta azkenik aurten Hendaia, Gasteiz, Oñati eta Zestoa berriekin GR16 bihurtu da. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Lapurdiko 16 herrien artean jokatuko da aurten lehiaketa berezi hau.
Lehen fasean launaka lehiatuko dira eta multzo bakoitzetik bat pasatuko da finaldietara. Lasarte-Oriako bertso eskola, Zestoa, Azpeitia eta Zarauzko eskolekin arituko da. Sei saio izango dira beraz, hiru etxean eta beste hiru kanpoan. Herri bakoitzak askatasun osoa du nahi duen erako bertso saioa antolatzeko eta Lasarten ere formatu ezberdinak izango dira. Lehena zestoarrekin Jalgi tabernan izango da esan bezala larunbatean arratsaldeko 7etan, bigarrena maiatzaren 9an Zabaleta auzoan azpeitiarrekin udaberriko festen egitarauaren barruan eta hirugarrena Xirimiri elkartean bertso afaria zarauztarrekin ekaina hasieran.

Ikusleak epaile
Aurreko urtetan bezala epaile lana ikusleen esku uzten da eta beraz zaila izaten da etxetik kanpo puntu asko eskuratzea. Irabazteak, beraz, ez du hainbesteko garrantzirik, bertso eskolak indartzea, jende berria bertso eskolen ingurura hurbiltzea eta normalean saiorik ez dutenei kantatzeko aukera eskaintzea dira bertso eskolen asmoak.
Etxeko taldeak erabakitzen du saioaren formatua, lekua eta ordua, herri bakoitzetik hiru ariko diren ala lau, zein ariketa osatu beharko diren, trama bat asmatuko den, librean ariko diren ala saio arrunta izango den... Horretan ez da mugarik jartzen eta beraz aldakorra da.
Lasarteko bertso eskolak motorrak bero bero ditu eta sei lagun txandaka ariko dira GR16 honetan eta beste hiru noizbehinka.
Lehenengo faseko lau multzoak ondorengoak izango dira. A: Orereta, Zumarraga-Urretxu, Lesaka eta Orio; B: Goierri, Oiartzun, Hernani eta Hendaia; D: Mallabia, Zumaia, Oñati eta Gasteiz; eta E: Zarautz, Azpeitia, Zestoa eta Lasarte-Oria. Ondoren, multzo bakoitzean puntu gehiena lortzen dituztenak binaka finalerdia jokatuko dute, saio bakar bat eta irabazleak finalean lehiatuko dira.
Esan bezala puntuaketa, txapelketa guztian, ikusleen esku izango da. •