Elurtza, Elgoibar Hiria lehiaketan

Txintxarri 2008ko apirilaren 25a

Musika Eskola

Lasarte-Oriako Udal Musika eskolako "Elurtza" taldeak, "Elgoibar hiria", herri honetako VII. talde instrumentalen lehiaketan parte hartu zuen apirilaren 19an, larunbatean. Taldekideak ondoko hauek izan ziren: Ganix Arrondo pianoa, Jokin Ayerregaray trikitixa, Julen Basterra gitarra eta ahotsa, Guillermo Carcedo sintetizadorea, Amaia Iglesias flauta, Nagore Llorens flauta eta ahotsa eta Ana Urraca ahotsa. Iñaki Amas bibolinjoleak eta Iñigo Rodriguez tronpetajoleak ez zuten Elgoibarko lehiaketara joaterik izan.
Lasarte-Oriako taldeak C mailan (22 urte arte) bigarren postua lortu zuen, bi lan eskainita: Iñigo Peña taldearen irakaslearen "Solasaldi" eta N. Giben eta Ch. Foxen "killing me softly with his song" Peñak berak konpondua. Iñigo Peñak azaldu digunez, "taldearen interpretazioa zoragarria izan zen eta publikoaren txalo zaparrada ederra jaso zuten. Epaimailaren iritzia eta talde guztien maila kontuan izanda, taldeak lortu zuen bigarren postua meritu handia du". Lehenengo postua Hernaniko Hernasax taldearentzat izan zen eta Legazpiko Big Bandek lortu zuen hirugarrena.
Konponketarik onenaren saria, -aurreko hiru urtetan jarraian Iñigo Peñak irabazi takoa- aurten Roberto Pacheco Hernaniko taldearen irakaslearentzat izan da. Peña pozik da Elgoibarren lortutakoarekin. Bere ustez, “irakasleen lana azpimarratu behar dugu, sari hau musika eskola guztiarentzat izan da".•