Iritsi da Errenta Aitorpena egiteko garaia

Txintxarri 2008ko apirilaren 25a

AURTENGO KANPAINA DATORREN EKAINAREN 25ERA ARTE LUZATUKO DA

Iritsi da 2007.urteko kontuak argitzeko garaia. Errenta Aitorpena egiteko epea zabaldu da eta milaka herritar dagoeneko hitzorduak eskatzen eta bete eta entregatu beharreko dokumentazio bila arituko dira honez gero. Gogoratu, euskaraz egin daiteke Errenta Aitorpena. Aurrerantzean, Foru Ogasunarekin izan beharreko harremana ere euskaldundu daiteke bide batez, Errenta Aitorpena egiterakoan.

Nobedadeak
Aurtengo Errenta Aitorpenak berrikuntza edo aldaketa dezente dakartza. Bat baino gehiago kenkari edo dedukzioei lotutakoak. Errentatzailearen aldeko kenkaria desagertu da, kuota sindikalek %30eko kenkaria izango dute, eta sarrerek ez dute dedukziorik izango.
Bestetik, adineko edota ezgaituek tratamendu fiskal hobea jasoko dutela iragarri dute, kenkariak gehitu baitira eta Menpekotasun Legetik datozen prestazio ekonomikoak salbuetsi baitituzte. Lan etekinen hobari orokorrak ere handitu dira.
Autolikidazio proposamena iaz jaso zuten 40.000 zergaduni, arrazoi ezberdinak tarteko ez zaie aurten iritsiko. Horren berri emateko gutuna jasoko dute. Nolanahi ere, gero eta gehiago dira autolikidazioak jasoko dituzten herritarrak. 2006ko ekitaldian Buruntzaldeko herrietan egindako errenta aitorpen guztien %40 inguruk erabili zuen modalitate hau.

Datu fiskalak on-line
Pasa hitz bat izanda, Ogasuneko informazioa ikusi eta gorde daiteke. Hartara, bildutakoa aitorpena egiteko frogagiri gisa balia liteke. Pasa hitza www.gipuzkoa.net atarian eskatu behar da eta zerga bulegoetan jaso.
Eskatu euskaraz
Aldunditik adierazi bezala, Errenta Aitorpena bezalako tramiteak euskaraz egiteko joera indartzen ari da. "Aldeko politika dagoenean, herritarren erantzuna handiagoa da", adierazi du Foru Ogasuneko Itzulpen Zerbitzuko langile Mikel Azkaratek. Errenta Aitorpena euskaraz egitera deitzen ditu herritarrak. Azkarateren esanetan, "administrazioak jakin dezan zer nolako eskaria dagoen. Euskaldun bezala, lehen hitza beti euskaraz". Horrekin batera, Errenta Aitorpena egiterakoan, langileei aurrerantzean Ogasunarekiko harremanak euskaraz nahi dituztela jakinaraztea komeni da.
Protokoloa
Foru Ogasunak hizkuntz irizpideei lotutako protokoloa egina eta martxan jarria du. Egitasmo horren arabera, herritar bat sail horretako langile batengana zuzentzean, azken honek euskaraz agurtu behar du bezeroa. Herritarrak errenta aitorpena euskaraz egin nahi badu, euskaraz erantzun beharko lioke. Langilea euskaraz ondo moldatuko ez balitz, herritarrak beste langile batekin egoteko aukera du. Bestalde, Errenta Aitorpena egindakoan, une horretatik aurrera herritarrak Ogasunarekin izan beharreko harremana euskaldundu nahi ote duen galdetuko dio langileak. Herritarrak zer erantzuten duen, hura zehaztuko du langileak Ogasunak duen programa informatikoan. Ogasunak bezeroaren hizkuntz eskakizuna kontuan hartu dezan aurrerantzean.

Buruntzaldearen
kanpaina gestorietan
Ez dira gutxi Errenta Aitorpena gestoria edota bankuen bidez egiten dutenak. Bertako langileekin hartu emanak euskaraz izateko aukera dago gehienetan. Baina baita bertako hainbat dokumentazio euskaraz jasotzekoa ere.
Iaz ahalegin berezia egin zuten alor horretan Buruntzaldeko Euskara Batzorde guztiek.
Abian jarritako kanpainarekin bat egin zuten gestorietara joanez gero, artekariek erabili ohi dituzten dokumentuak euskaraz lortu zitezkeen; hala nola, zerga aitorpena eta nominena.
Artekarien artean ere CD-ak banatu zituzten. Euskarri horietan, aipatu profesionalek ohikotasunez erabiltzen dituzten dokumentuen euskarazko ereduak biltzen dira. Baita alorrari buruzko hiztegi kontzeptuala ere.•