Ikusi, ikasi eta hasi

Txintxarri 2008ko api. 28a, 02:00

Larunbatean, hilaren 26.ean, egin zuten aurtengo gurasoentzako jolasen ikastaroko azken saioa. Euskaraz jolasteko ohitura bultzatzea izan dute helburu nagusi eta bide batez seme-alabak eta gurasoak aisialdiko denbora elkarrekin pasatzeko aukera izan dute. Bi urtetik zortzi urte bitarteko haurrei eta hauen gurasoei zuzendutako ikastaroak izan dira. Gurasoak dira jolasteko ohituraren sustatzaile garrantzitsuenak horregatik ikastaro hauetan jolasteko baliabideak eskaini zaizkie. Urteak aurrera doazen heinean jolasek ere bilakaera jasaten dute eta aldatu egiten dira. Haurrek jolas berriak ikasten dituzte batzuetan gurasoek ezagutzen ez dituztenak. Ikastaro honetan jolas berri horiek landu dituzte gurasoek gero etxean seme-alabekin batera jolastu ahal izateko, soka salto jolasak, abesti jolasak eta abar. Batzuk denok ezagutzen ditugun betiko jokoak dira baina berrikuntza batzuekin, beste batzuk erabat ezezagunak izango zaizkie seguru aski guraso gehienei beraz jolas zaharrak eraberritu eta berriak ikasteko aukera bikaina izan dute.

Aipatu beharra dago guraso askok ez dakitela euskaraz baina ikastaro hauetan euskaraz jolasten ikasteko aukera izan dute. Hiztegia oinarrizkoa da oso eta ez da zaila ikasteko, azken finean euskaraz jolasteko baliabideak eskaini zaizkie gero umeekin euskaraz ibili ahal izateko. Batez ere abestiak dira ikasi beharrekoak baina jolas bakoitzak behar duen hiztegia barneratzeko praktikatzen baino era hoberik ez dago eta gainera monitoreek jolasaren zergatiak eta helburuak azaltzen badituzte oraindik hobeto. Jolasa ekintza askea da baina ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea ere bai.

Hiru ikastaro egiteko asmoa zegoen gurasoen ordutegia ez delako oso malgua izaten eta horrela ordua eta eguna aukeratzeko tarte haundiagoa egon zedin. Azkenean bi talde bakarrik osatu ziren, ostegun arratsaldeetan bat eta larunbat goizetan bestea. Hiru orduko ikastaroak izan dira, ordu bete astean.

Ikastaroak bukatzean saio guztietan landutako edukien txostena eman zieten gurasoei. Bertan astean zehar ikasitako guztia laburbiltzen zaie. Liburuxkan jolas bakoitzaren fitxa dago, euskaraz eta gazteleraz, nola jolasten den eta zein material behar duten azaltzen duena gero etxean praktikara eraman ahal izateko. Gainera, jolas gehienek abesti bat dute laguntzaile eta errazak eta ez oso luzeak izan arren aste beten ez dira buruan sartzen guztiak, horregatik txostenarekin batera ikastaroan ikasitako abesti guztiak biltzen dituen Cda ere banatu zuten.