X. Jardunaldi Internazionalistak bukatu dira

Txintxarri 2008ko apirilaren 28a

Txintxarri

Asteburu honetan bukatu dira aurtengo Jardunaldi Internazionalistak. Gai asko jorratu dira eta guztiak interesgarriak baina batzuk besteak baino gogorrak. Aurtengo gai nagusia indigenena izan da, ekintza gehien bildu dituen gaia izan baita. Ipuin kontalarien lana jatorrizko herrien ingurukoa izan zen baina gainera Moira Millan Argentinako Maputxea izan da aurtengo gonbidatu berezia. Beraien egoera zein den kontatu zuen matea hartzen zuen bitartean.
" Muerte en Gaza" DVDa egon zen ikusgai astelehenean Xirimirin, Palestinan umeek bizi duten egoera latza erakutsi zuen eta gerturatu zirenak hunkituta atera ziren handik. "Sahara: Sahararren Herria" diaporamak sahararren herriaren inguruko errealitatea zein den azaldu zuen, nahiko ezezaguna den gaia da hau askorentzat, basamortuaz gain herrialde bat ere badute sahararrek eta. Lucio dokumentalaren emanaldiak ere arrakasta izugarria izan zuen eta esperotakoa baino jende gehiago bertaratu zen ostegunean kulturetxera.
Ostiralean ipuin kontaketa egon zen Jalgi kafe-antzokian, Kontu Kantoiko Bea Egizabalek indigenei buruzko azken antzezlana aurkeztu zuten. Emanaldi polita eskaini zuen tabernan bildu zen jendearentzat. Ipuinak bukatuta Mix6T taldearen kontzertua hasi zen, musika desberdina entzuteko aukera aparta izan zen. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta arabiarrez abestu zuten eta hala musika estilo desberdinak entzun ahal izan ziren. Larunbatean, jardunaldiei amaiera ezin hobea emateko, afaria ospatu zuten Xirimiri elkartean.
Antolatzaileak oso gustura geratu dira egindako lanarekin, herrialde desberdinen egoera zein den azaldu da aste honetan zehar eta horrela elkartasuna erakutsi diete. Jardunaldiek garaiekin batera aurrera egin dutela erakutsi dute, mezuak igortzeko medio eta era berri hauek funtzionatu eta jendea erakarri dute gai desberdinei buruzko jardueretara.•