Jon Altuna
Ttakun elkarteak eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zerbitzuak prest daukate jada Udako Txokoak 2008 deituko den egitasmoa. Uztaila eta abuztuan, goizeko 10etatik 13etara, 2 eta 12 urte bitarteko haurrek hainbat joku, jolas, irteera eta jardueraz gozatzeko aukera izango dute, haur bakoitza bere adinekoekin taldeka banatuta eta begiraleen laguntzarekin.
Aurreko urteetan arrakasta handia izan dute txokoek, 400 haur inguruk hartu dute parte eta aurten ere jarraipena izango du 1992an sortu zen proiektuak. Beraz aurten 17. urtez jarraian burutuko dira Txoko hauek. Beti bezala, haurrei udaran aisiarako proposamena luzatzeaz gain, euskararen erabilera sustatzea da bultzatzaileen helburu nagusia.
Tituludun begiraleak
Astelehenetik ostiralera, goizeko 10etatik eguerdiko ordubatera, adinaren arabera taldetan banatuta esperientzia handiko begiraleak arduratuko dira egitarau zabala aurrera eramateaz.
Nahi izanez gero, Udako Txokoen aurretik, goizeko 9etatik 10etara bitartean Goiztxoko zerbitzua zabalik izango da, uztailean 2tik 30 arte eta abuztuan 4tik 29ra bitartean.
Bi txanda
Uztailean eta abuztuan, (bi txanda izango dira) hiru eratako txokoak antolatuko dira adinaren arabera, txikienek 2 eta 4 urte bitartekoek Psikomotrizitatea landuko dute, 5 eta 7 urte artekoek Natura eta Kirola, eta azkenik 8 eta 12 urte artekoek Abentura eta Kirola.
Izena emateko epea zabalik da jada maiatzaren 28ra bitartean. Amaraun ludotekan bertan, eta Ttakun elkartean egin daiteke. Izena ematerakoan, 85-99 euro arteko kopurua ordaindu beharko da (adinaren arabera eta polikiroldegiko bazkide izan ala ez izan aldatzen da eta bonifikazioak dauzkatenentzat beherapenak daude). Goiztxoko zerbitzuaz baliatu nahi dutenek, 110-124 euro ordainduko dituzte (adinaren eta ezaugarrien arabera). Ordainketak Kutxan egin behar dira edo bestela Ttakuneko bulegoan kreditu txartela erabiliz.
Aurkeztu beharreko agiri, txokoen balio eta ordaintzeko moduei buruzko argibide gehiago Ola kaleko Amaraun ludotekan ala Geltoki kaleko Ttakunen jasoko dute interesa dutenek.
Adinaren arabera
2 eta 4 urteko haurrak, HH2-HH4 mailakoek, 10 laguneko taldetan banatuta, besteak beste psikomotrizitate programa burutuko dute Amaraun Ludotekan. Gainera, Landaberri ikastolaren Garaikoetxea eraikinean jolasak, sukaldaritza eta eskulanak, zenbait tokitara irteerak eta festak izango dira hilabete osorako programan.
5 urtetik 7 urtera bitartekoek, HH5-LH2 mailakoek, Naturaz eta Kirolaz Blai izeneko programa garatuko dute Landaberri ikastolan hauek ere. Taldeak 12 lagun ingurukoak izango dira, adin berekoak elkarrekin jarriko dira, eta burutuko diren jardueren artean ingurumena lantzeko programazio anitza nabarmendu daiteke. Hainbat kiroletan aritzeko aukera ere izango dute Jostakirola deituriko programa jarraituz eta jolas programatuek, denetariko irteerek, festa-jaialdiek eta tailer ezberdinek osatuko dute hilabeteko ekintzen zerrenda.
Abentura handienek
8 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzat, LH3 eta LH6 mailakoentzat, Abentura eta Kirola izeneko txokoa proposatu du Lasarte-Oriako ludotekak. Adinaren arabera 12 haurretako taldeak osatuko dira eta bakoitzak begirale batekin hainbat jardun burutuko ditu.
8-12 urte bitartekoen txoko hau uztailean Sasoeta eraikinean gauzatuko da eta abuztuan aldiz Landaberriren Garaikoetxean. Hemen jarduera bereziena abenturazko ekintzak dira, mendi irteera eta bibak-a besteak beste, baina josta kirola programa, talde jolas eta jolas kooperatiboak, irteerak, tailerrak eta festak ere izango dute lekua programa honetan.
Bestalde,gaztetxoentzat gazte kanpaldiak eta Albeniz aterpetxean egonaldiak ere antolatuko ditu Ttakunek urtero bezala udaran. •