Hasierako agurretatik bukaerako agurretara ez zen arrunta izan, GR16 sariketan, Zestoa eta Lasarte-Oriako bertso eskolen artean jokatu zen lehen saioa. Ale onak bota zituzten, Jalgi tabernan larunbat arratsaldeko 7etatik aurrera, Zestoatik sagardotegian bazkalduta etorri ziren Mikel Aiertza "Mieltxo", Oskar Alberdi "Etorra" eta Igor Olabidek eta Lasarte-Oriako eskolako, Andoni Otamendi, Iñaki Petxarroman eta Unai Muñoak. GR sariketaren helburu nagusia bete zen behintzat: normalean kantatzeko aukerarik ez duten bertsolariak saio berezi batean aritzeko parada izan zuten. Igor Olabide da adibide onena lehenengo aldiz kantatu baitzuen larunbatean jendaurrean. Lasarteko Jalgin estrenatu zen.
Larunbateko giro ederra aproposagoa zen agian mendira edo itsasertzera joateko baina Jalgira hurbildu zirenak gozatu zuten. Azkenean, ikusleek erabaki zuten irabazlea, gehienetan bezala etxeko taldea (25-5). GR16ko lehen puntuak lasartearrentzat izan ziren beraz.
Agurrak jada bereziak izan ziren. Imanol Lizardi gai jartzaileak, bertsolari bakoitzari zenbaki bat eman, dado erraldoi bat bota eta tokatu zitzaionak, Andoni Otamendik, zortzikoan egin zuen agurra, eta hurrenez hurren, ondorengoek hamarrekoan, sei puntukoan, zazpikoan, zortzikoan eta bederatzikoan. Ederki moldatu ziren agurretan.
Ondoren koplatan jarri zuen seikotea Lizardik. Otamendi eta Mieltxo, kopla txikian, bainujantzirik gabe hondartzara joanda, Olabide eta Muñoa, kopla haundian, biek maite duten neska bati kantari, eta azkenik, hiruko koplan Petxa eta Oskar Alberdi, bi lagun, bat autostop egiten zela besteak hartu ez duelako kontu eskean.
Saio bereziak
Zaku batetik ateratako objetuei kantatu zioten ondoren bertsolariek, 10eko handian. Armiarma, giza beso eta burua gorputzetik bereiziak, kutxa bat, hartza eta hontza atera zituzten hainbeste gaiz beteta zen zakutik.
Ondoren, banaka, begiak estali zien Imanol Lizardik eta nork kantatzen zuen igarri behar zuten. Batzuek asmatu zuten besteek ez. Barregarria izan zen, saioa ikusten ziren Zigor Iriondo eta Amaia Agirre ere jarri baitzituen Lizadik kantari. Biak saiatu ziren ahotsa aldatuta eta Petxak ez zion antzik eman nor zen, neska zela iruditu zitzaion baina Amaia zenik ez. Muñoak aldiz, ederki asmatu zuen ondoren Iriondo zela.
Hamarreko txikian ere aritu ziren ofizioan: Muñoa eta Otamendi herriko bertso eskolako gora beherei buruz eta Zestoako Mieltxo Aierza eta Oskar Alberdi, bizitza sexual ona izateak duen garrantziari buruz.
Denak pozik
Azken saioan Petxarroman eta Olabidek bata besteari hiruna puntu jarri zioten besteak erantzuteko eta ondoren puntuak ikuslegoak eman zituen garailea erabakitzeko: Joxe Kruz Labakak bildu zituen zesto batean, 25 botu Lasarteoriarren alde eta 5 zestoarren alde.
Agurretan argi geratu zen, bi taldeen eta sei bertsolarien arteko adiskidetasuna, eta finean azken emaitzak ez duela garrantzirik. Mieltxok zera esan zuen: "inportantziarik ba al du, bertsoa eta euskal kultura nahi genuen zabaldu”; Petxarromanek aurreko gai bati eutsiz, “Gora Zestoa, gora Lasarte eta gora sexua” amaitu zuen; “nere etxean bezala sentitu naiz Lasarten, ea zuek ere Zestoan hala sentitzen zareten" Alberdik.
Andoni Otamendik botoak jaso ziren zestoa eta Zestoa lotuz zestoa hutsik geratu zela esanez agurtu zuen saioa eta jendaurrean lehen aldiz aritu zen Igor Olabidek eskerrak eman zien ikusleei: “eskerrikasko guztiagatik, ikusi arte Lasarte, zoragarrk zarete".
Azken agurrean Muñoak borobildu zuen antolatzaileen asmoa:” Jarraitu bertsozalea saioz saio berdin, GRa ez baita hasi baino egin, gure herrian bertsoa presente egon dadin”.•