Oskar Lazkano - Iñigo Arluziaga bikoteak bosgarren txapela eskuratu du

Txintxarri 2008ko apirilaren 28a

Ostadar Kirol Fundazioak antolatu duen Lasarte-Oriako Gomazko XIV. Pilota Pala Txapelketako finala jokatu zen larunbat arratsaldean udal kiroldegiko frontoian. Jose Felix Solano - Santi Martin gerriko urdinarekin eta Oskar Lazkano - Iñigo Arluziaga gerriko gorriarekin jokatu zuten finala, eta ordu eta laurdeneko partida luzea jokatu ondoren Lazkano-Arluziaga bikotea nagusitu zen, 18-30.
Lehenengo hamar puntuak egin arte nahiko berdinduak aritu ziren bi bikoteek, baina gerriko gorrikoek lau puntu jarraian egin ondoren J.F.Solano - Santi Martin bikoteari aurrea hartu zioten. Lehenengo zati honetan oso tanto politak ikusi ahal izan zituzten bertara hurbildu ziren ikusleek.
J.F.Solano-Santi Martin bikoteari asko kostatu zitzaion Iñigo Arluziaga - Oskar Lazkano bikoteak jarritako erritmoari jarraitzea. Hala eta guztiz ere, partidaren azken zatian tanto politak ikusteko aukera eskaini zuten. Lau finalisten artean, Oskar Lazkano pilotaria gehien nabarmendu zen, baina gerriko urdineko bikotea ez zen atzean geratu.
Markagailua 18-29 jarri zenean, frontoiko harmailetatik txalo zaparrada jaso zuten pilotariek eta txaloen artean Iñigo Arluziagak azken tantoa atera zuen.
Bikote gorriak, Oskar Lazkano - Iñigo Arluziaga bikoteak, bost urtez jarraian irabazi du Ostadarrek antolatzen duen Lasarte-Oriako Gomazko Pilota Pala Txapelketako finala. Antolakuntzak bikote txapelduna hurrengo ediziora gonbidatu du, beraz, hurrengo urtean txapelketan parte hartuko duten bikoteetatik ea zeinek kentzen dien txapela. Hori izango da, XV. edizioko erronka nagusiena.

Bertan behera
Finala aurretik jokatu behar zen partida, hirugarren eta laugarren postuetako norgehiagoka, ezin izan zen jokatu Iñigo Huegun - Haritz Urdanpilleta bikotea lesionatua zegoelako. Beraz, hirugarren postuko saria Josu Iparragirre eta Aitor Matxainek jaso zuten.
Sari banaketa egin ondoren partida ikustera hurbildu zirenek freskagarri batzuk edateko eta zerbait jateko aukera izan zuten. Giro polita egon zen momentu horretan. Finala jokatu zuten bi bikoteen arteko txantxak entzun ahal izan ziren.
Lasarte-Oriako palazaleek hurrengo zita Santa Ana txapelketan dute.•