Itziar carrasco
Nola ikusi duzu zure burua Euskadiko Itzulian?
Ondo. Taldeak ni ihesaldietan egotea nahi zuen eta hor ibili naiz. Behintzat telebistan agertu gara eta horrek publizitatea eman digu. Hau garrantzitsua zen taldearentzat.
Tarteko helmugetan hoberena izan zara.
Lehenengo egunean ihesaldian puntu asko lortu nituen tarteko helmugetarako eta egunero puntutxoak hartzen joan naiz. Sailkapen hori lortzea zen nire helburua eta lortu dut.
Aurten Alvaro Pino duzu zuzendari, zer moduz?
Uste dut, izan ditudan zuzendarietatik onena dela. Taldeari lasaitasun handia ematen dio eta ez dizu eskatzen eman dezakezuna baino gehiago. Txirrindulari bakoitzari eskatzen dio eskatu behar zaiona. Zentzu horretan errealista da.
Nolatan Euskaltel Euskaditik Karpin-Galicia taldera?
Nik ez nuen erabaki Euskaltel-Euskadi uztea. Urte amaieran kontratua bukatu zenean ez zidaten berritu eta beste talde bat bilatu behar izan nuen. Relaxek taldean sartzea eskaini zidan, baina azkenean taldea ez zen atera eta azkeneko momentuan, Karpin-Galicia taldera joateko aukera eduki dut.
Karpinekin harremana izan al duzu?
Zerbait bai. Batzuetan etortzen da karrera batera edo bestera. Pertsona irekia da eta berarekin hitz egiteko arazorik ez dago. Honek ere, lasaitasun handia ematen dio taldeari eta txirrindulariari.
Itzulian taldearentzako egun politenean agertu zen Karpin.
Egia da. Bera etorri eta karrera irabazi genuen. Ez genuen nahita egin.
Zer moduz taldeko liderrekin?
David Herrero eta Ezequiel Mosquerarekin oso ondo moldatzen naiz. Talde berrian ere oso gustura nago. Oso giro ona dago gure artean.
Denbora asko igaroko duzu etxetik kanpo, ezta?
Ez, bakoitza bere etxean dago eta entrenamenduak prestatzen dizkigute. Noizean behin elkarrekin entrenatzeko elkartzen gara, neguan, batez ere. Karrerak behin hasten direnean, zailagoa da.
Denboraldi honetan zein da zure helburua?
Zuzendariak ez dit gauza gehiegirik esan. Lehenengo helburua eta garrantzitsuena Itzulira ondo iristea zen. Pertsonalki aurten dudan helburuetako bat etaparen bat irabaztea da, berdin zait Errioxan, Alcobendasen...
Hurrengo denboraldian Karpinekin jarraituko al duzu?
Oraindik goiz da. Taldea berria denez, bere jarraipena ez du guztiz lotuta oraindik. Printzipioz taldeak ez luke arazorik eduki behar, baino aurrena taldeak bere jarraipena ziurtatuta eduki behar du gero txirrindulariak kontratatu ahal izateko.
Karpinek esan du beste urte bat jarraitzeko asmoa duela.
Bai, baina baita ere esan du diru gutxiago jarriko duela eta Galiziako diru gehiago jarri beharko dutela. Guzti hori lotu arte, uda bukaera aldera arte, ez dakigu ezer ere ez.
Anekdotarik Itzulian?
Bigarren etapan, tarteko helmugarako esprintatzen ari nintzela tipo bat errepide erdira atera zen. Gutxigatik ez nuen aurretik eraman. Arriskuan jarri zuen bere burua eta gero nirea.
Zaleek errepidea estutzen dutenean ez al da arriskutsua zuentzat?
Hobe da hori errepidea hutsik ikustea baino. Vuelta a Murcian, adibidez ez duzu inor ikusten. Hemen zaletasun handia dago. Normalean jendea ondo portatzen da, baina hainbeste jende artean beti egongo da bakarren bat.•