Txintxarri
Urteroko hitzorduari kale egin gabe, aurten ere Ttakun Kultur Elkarteak antolatu du gaurko festa.
Egitaraua goizeko 11:00etan hasi da, ermitan ospatzen den mezarekin. Bertan, Alboka abesbatzako kideek abestu eta Jon Lasak zuzentzen duen Amalur eskolako gazteek trikitia jo dute.
Horren ondoren, festa ermitako kanpoaldean jarraitu du. Amalur eskolako gazteek jarraitu dute giroa berotzen euren trikitixa, pandero eta bateriarekin, eguzkiarekin batera; izan ere egun ederra izan da gaurkoa. Giro eguzkitsua eta beroa goiz-goizetik. Goiz erdian haize zakar xamarra altxa bada ere, eutsi dio giro onak.
Herri kirolak hasi baino lehen Patxi Etxeberria eta Andoni Otamendi bertsolariek saiotxo bat egin dute, bertaratutakoei agurra eginez.
Herri kirolen txandan berriz, Urtzi Telleria herritarra aritu da harria jasotzen Aimar Irigoienekin batera. Aizkoran berriz, Ugaitz Mugertza eta Barberena aritu dira. Enbor bat mozteko Barberenak 43 kolpe behar izan ditu, Mugertzak berriz, 47. Urtzik 15 jasoaldi eman dizkio 125 k. kopari 2 minututan, Aimarrek berriz 19 125 k. errektangularrari. Bikoteka berriz, Urtzik eta Ugaitzek irabazi dute. Laurek ere lan ederra egin dute.•