Gizarte balioak eta kirolaren inguruko hitzaldiak

Txintxarri 2008ko maiatzaren 5a

Gaur hasi dira Danok-Kidek urtero antolatzen dituen "Balioetan Hezi" jardunaldiak. Aurtengoak V.ak izango dira dagoeneko eta gai nagusia gizarte balioak eta kirolaren ingurukoa da. Hitzaldiak Kulturetxean izango dira maiatzaren 5etik 8ra, egunero 19:30ean. Lau perspektiba desberdinetatik jorratuko dute gaia, gizakiaren jarrera kirolean, gurasoen eragina kirol ohiturartan, kirola eta hezkuntza eta azkenik osasuna eta kirola.
Kirolak eskaintzen dituen onurak azalduko dira aipatutako ikuspuntu desberdinetatik eta nola gizabanakoaren garapen pertsonalerako tresna izateaz gain gizartearen eraikuntzan ere garrantzitsua den. Kirolak gizarte zibil bat eraikitzen laguntzen du lehia baino gehiago elkarlana bultzatuz.
Hizlariak adituak dira kirolean, psikologian eta medikuntzan eta ariketa fisikoaren giza baloreak mahaigaineratuko dituzte kirola era zentzudun batean bizitzeko. Mikel Etxarri futbol entrenatzaileak emango du gaur lehenengo hitzaldia, kirola ez dela arrakasta pertsonala lortzeko medio bat baizik eta aberastasun kolektiboan lagundu beharko lukeen elementua norberaren gainditzerako eta aldi berean disfrutatu eta ondo pasatzeko. Bihar, maiatzaren 6ean, Jose Antonio Arruza eta Montes Etxaide izango dira hizlariak, biak psikologian doktoreak dira eta seme-alaben garapena harmoniatsua izateko gurasoek duten garrantzia azalduko dute. Asteazkenean, hilaren 6ean Amaia Ramirezek kirolean aritzeak haurren psikologian eta gizarteratzean duen eragina azalduko du. Azkenik, ostegunean, Jose Manuel Gonzalez izango da solaskidea eta motrizitateak duen garapen socioafektiboan eta fisikoan duen garrantzia azalduko du.