Txintxarri
Apirilaren 28an hasi zen gizarteratzeko arazoak dituzten gazteei zuzendutako ikastaroen bigarren fasea. Kurtsoa lanerako heziketa proiektua da eta gizarte heziketa programa baten parte diren zortzi gazteei zuzenduta dago. Helburu nagusia 17 eta 22 urte bitarteko gazte hauek lan munduan txertatzea da eta horretarako hiru dira betebeharreko xedeak. Lehenengoa gazteak motibatzea, lan mundura gogotsu sartu daitezen, bigarrena gazteek trebetasun, gaitasunak eta jarrera egokia hartzea eta hirugarrena lan munduaren estruktura ezagutzea bertan bakarrik moldatzen ikasteko. Helburu guztiak parte hartzaileek lan munduan murgildu eta bertan bakarrik ibiltzen ikasi dezaten finkatu dira. Lasarte-Oriako gizarte zerbitzuetako departamentuak aurrera daraman proiektu hau lau fasetan banatzen da, bi lan-heziketarako eta betse bi lanean hasteko. Lehenengo fasea lanerako motibazioa pizteko da. Hezitzaileek orain arte egin duten lanean oinarritzen da, taldean eta bakarkako proiektuekin egin dute lan eta Lasarte-Oriako Lanbideren laguntza izan dute. Fase honetan parte hartzaileen konpromezua lortu nahi da, proiektuan murgildu daitezen eta lana errazagoa izan dadin. Bigarrena formakuntza fasea da, Lanbideko preskripzioa egin eta gero "eraikinen pintura" kurtsoa egingo dute horrela lanerako giza baliabideak ikasteaz gain pintore laguntzailea izateko gaitasunak bereganatuko dituzte. Kurtsoaren beste parte bat ingurumenarekiko sentsibilitatea lantzea eta lan-arriskuen prebentzioa izango da eta hauek beste bi modulu txikitan landuko dira. Fase hau garatzen den bitartean Lanbideko bulegotik eta kurtsoko dinamizatzaile eta hezitzaileek jarraipen pertsonalizatua egingo diete ikasleei horrela bakoitzaren nondik norakoak ondo ezagutzeko.
Hirugarren fasea sei hilabeteko lan kontratuan datza. Kurtsoa bukatuta lanean hasteko ordua da eta pintore laguntzaile moduan herriko eserleku, farolak eta abar margotuko dituzte. Laugarren fasean helburua gazteak lan munduan sartzea da. Hori errazteko neurri batzuk hartuko dira, sektoreko enpresetan informazio kanpaina bat egingo da udal enpleguko dinamizatzailearen eskutik. Agendak sortuko zaizkie gazteei lana bilatzeko eman beharko dituzten pausoekin, kurrikuluma egitea adibidez eta azkenik, Lasarte-Oriako Helduen Hezkuntza Iraunkorrarekin ikasketak osatzeko plana garatuko da.
Hirugarren fasea bukatzean sortuko zaizkien agendekin batera lan eskaintzak nola bilatu eta lanerako euren burua, enpresa egokiei, nola eskaini irakatsiko zaie.