Usurbilgo Lanbide Eskola, Suedian eta Panaman

Txintxarri 2008ko maiatzaren 5a

Usurbilgo Lanbide Eskolako Juan Antonio Eizagirre irakasleak, KORTA fundazioaren laguntzari esker, Suediako zenbait enpresa eta Lanbide Eskola bisitatzeko aukera izan du. Irakasle hau, bibrazioen bidezko mantenimenduaren inguruko proiektua garatzen ari da. Suediako hainbat eskola Varberg enpresarako haize errota bat monitorizatzeko sistema garatzen ari direnez, benetan aberasgarria suertatu zaion proiektua aztertzeko aukera izan du. Eizagirreri guztiz adierazgarria iruditu zaio enpresek eskolengan duten konfidantza ekoizpen proiektu bereziak garatzeko orduan.
Bestetik, Usurbilgo Lanbide Eskolako Xabier Esteban, Arrasateko ALECOP eta LKS Ingenieritzarekin batera Panaman izan da Panamako Jakinduriaren Hirian kokatuko den Energia Berriztagarrien punta-puntako gunearen eraikuntzaren azken zertzeladak finkatzen. Hango ordezkariekin hainbat bilera izan dituzte gune honen behin betiko kokapen egokia erabakitzeko. Proiektu honek oihartzun handia izan du bertako gizartean.•