2008 urteko aurrekontua onartu du Udalak

Txintxarri 2008ko maiatzaren 5a

Lasarte-Oriako Udaleko aurtengo aurrekontuak aurkeztu eta bozkatu zituzten osoko bilkuran asteazken goizean, apirilaren 30ean. Bertan, 2008.urteko 41.295.000 eurotako aurrekontua onartu zuten, PSE-EE eta EB alderdien botoei esker. EAE-ANV, EAJ-PNV eta PP alderdiek gobernu taldeak proposatutako dokumentuaren aurka aurkeztutako osoko emendakinak eta osoko bilkuran aurkeztutako 56 emendakin partzialak errefusatu egin zituzten.

Txintxarri

Udal gobernu taldeak aurkeztutako 2008.urteko aurrekontuak aurkeztu zituen asteazkenean osoko bilkuran. 41.295.000 euro jasotzen dira aurrekontu honetan. Iazkoa baino %43,13 handiagoa. Udalak inoiz kudeatu duen kopururik handiena. Ia lau orduz osoko emendakinak eta emendakin partzialak aurkeztu, defendatu, eztabaidatu eta bozkatu ondoren, 2008.urteko aurrekontua aurrera doa. Bozkaren emaitzak: alde, PSE-EE (8) eta EB (1); kontra, EAE-ANV (3), PP (1) eta EAJ-PNV (1), Estitxu Alkorta bozka egin aurretik alde egin zuelako eta Herritarren Plataformako zinegotzia abstenitu egin zen. EAko zinegotziak ez zuen bozkatu bilkuratik alde egin zuelako.

Osoko emendakinak
EAE, EAJ eta PPk gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontuari ez zioten babesik eman. Oposizioak gobernu taldeari aurtengo aurrekontuak oso berandu iritsi direla eta oposizioaren iritzia jaso gabe eta laguntzarik gabe egin direla aurpegiratu zion.
EAEko ordezkariak "aurrekontu neoliberalak" direla leporatu zien eta "etxebizitzaren arazoari irtenbidea emango ez diona. Euskara normalizatzeko borondate gutxi" dagoela gaineratu zuen. PPk PSE-EEri leporatu zion "aurrekontuek ez dutela terrorismoa deslegitimatzeko norabidea jarraitzen eta ez dute herritarren lehentasunei erantzuten". EAJk bi kritika nagusi egin zituen: batetik, administrazioan euskararen alde gauza asko egiteko dagoela eta bestetik, salmenta libreko etxebizitzei lehentasuna eman zaiela, "dagoeneko 238 etxebizitza libre eraiki dituzte eta babes ofizialeko etxebizitzarik ez".

Emendakin partzialak
Komisio desberdinetan aurkeztu dituzten emendakinak atzera bota zituztenez, asteazkeneko osoko bilkuran aurkeztu zituzten eztabaidatzeko. Guztira 56 emendakin partzial: EAJ-PNV (22), PP (16), LOPH (11) eta EAE-ANV (7). Ez zen bakar bat ere onartu. Ana Prieto Plataformako ordezkariaren hitzetan: "guk aurkeztutako emendakinik ez da onartu. Jakin dezazuen emendakin hauetan auzoz-auzo herritarren proposamenak eta kezkak jaso ditugula. Herria egiteko, denak hartu behar dira kontutan”.•