Helena Ferreras
Eusko Jaurlaritzaren dekretuak eztabaida ekarri du kaleetara. Soin-hezkuntzako orduak murriztu ditu bete beharreko minimoetan. Lehen Hezkuntzan orduen %40a galduko litzateke eta bigarren hezkuntzan %37a ikastetxeek gutxieneko orduak besterik ez badituzte betetzen.
Pisa txostenaren emaitzen ondorioa da hau. Ikasleek matematika eta zientzietako arloetan emaitza txarrak atera dituzte eta irakasgai hauei ordu gehiago eskaintzeko asmoarekin murriztu nahi dira soinketakoak. Pisa txostena hiru urtetik behin egiten zaie 15 urteko ikasleei. Nazioarte mailan balorazio akademikoa egitea du helburu eta matematika, zientzia eta irakurketa arloetan oinarritzen da.
Ikastetxeek ordu kopuru bat dute beraien esku nahi duten moduan erabiltzeko, arloei orduak gehitu nahi badizkiete ordu aske horietatik gehitzen dituzte. Badirudi ikastetxe gehienek orain arte bezala jarraituko dutela, hala ere zientzietako irakasle eta arduradunek ez dituzte ordu gehiago eskatzen baizik eta baliabide ekonomiko gehiago eta giza baliabide gehiago.
Osasuna zaintzeaz gain soin-hezkuntzak beste betebehar garrantzitsu batzuk ditu,baloreak transmititzen dizkie ikasleei, taldean lan egiten irakasten die, batzuen gabeziak eta besteen abantailak agerian geratzen dira eta laguntasuna lantzen dute. Mahai baten aurrean ez den modu batean ezagutzen dituzte gelako kideak eta taldeko ariketetan hain laguna ez den norbaitekin harremanak estutu daitezke. Espazio librean norberaren izaera eta erreakzionatzeko moduak agerian geratzen dira gela itxi batean ez bezala. Gainera, arazo fisikoak detektatzeko baliagarria da oso eta kirola ezagutzeko bide bikaina da. Soinketakoa gazteei kirola erakusteko eta kirolean aritzera motibatzeko arlo aproposa da. Gehienek ezagutzen dituzten kiroletan sakondu eta teknika desberdinak ikasten dituzte eta ezezagunagoak diren kirolak gehiago ezagutzen laguntzen die. Geroz eta kirolari gutxiago dago, zenbat eta zaharrago izan orduan eta kirol gutxiago egiten da orokorrean. Bigarren hezkuntzara iristen diren ikasle askok eskolaz kanpoko jarduerak utzi egiten dituzte eta zer esanik ez batxilergora iristen.
Argi dago ohitura eta bizimodua aldatu egin direla urte batzuetatik hona. Aisialdirako aukerak asko zabaldu dira eta elikagai gehiago eta oso desberdinak aurkitu ditzakegu orain merkatuetan. Hala ere, badirudi aniztasun horrek onak baino gehiago gauza txarrak ekarri dizkigula. Lanean edo ikasten orduak ahulki batean eserita pasa eta gero etxera bueltatzean ordenadore, kontsola edo telebistaren aurrean bukatzen dugu eguna. Elikadurak gainera ez du laguntzen, askotan, kontsumitzen diren gaiak ez dira egunerokotasunean kontsumitzeko aproposenak eta ia egun osoan urik edaten ez duenik ere badago, bazkariak freskagarriekin bakarrik egiten baitituzte.
Jakina da gaur egungo haurren osasuna geroz eta makalagoa dela, asko dira azkenaldian plazaratu diren datuak eta horien arabera obesitatea asko handitzen ari da. Gainera elikadura txarra baino sedentarismoa da errudun nagusia. Naos estrategia obesitatearen aurka osasun eta kontsumo ministerioak egindako plana da, bertan aipatzen denez gaur egungo haurretako batzuk gurasoek baino bizi-itxaropen txikiagoa izango duten lehenak izango dira gizentasunaren ondorioz. Askorentzat astean egiten duten ariketa fisiko bakarra eskolako soin-hezkuntzako orduetan egiten dutena da, eta hori ez da nahikoa.
Haurtzaroa da ohiturak hartzeko garai aproposena. Etapa horretan gertatzen da izaeraren modelatzea eta gero heldutan oinarrizkoak izango diren bizitzeko moldeak barneratzen dira. Horregatik da hain garrantzitsua txikitatik ohitura osasungarriak ikasi eta barneratzea, geroko portaeraren oinarri izango direlako.•