Endika Gartzia Arbizuko XIII. duatloiko podiumean Radka Vodickovarekin batera

Txintxarri 2008ko maiatzaren 5a

Txintxarri

Endika Garcia lasarteoriatarrak irabazi zuen Arbizuko XIII. duatloia, aurreko larunbatean, apirilaren 26ean. Froga hau Euskal Herriko duatloi zirkuiturako zazpigarren proba puntugarria zen, bakarra Nafarroan, eta distantzia motzekoa (8km-36km-4km).
Arbitzuko irteera gunean 200 partehartzaile inguru bildu zen eta irabazleak Endika Gartzia (Saiatuz Kirol Taldea) lasarteoriatarra 1:36:58 eta Radka Vodickova (Ekirol Triatlón Team) txekiarra 1:47:54ko denborarekin izan ziren.
Aipatzekoa da, duatletek sofritu behar izan zuten bero izugarria. Horregaitik, bi kategorietan, partehartzaile askok lasterketa bertan behera utzi behar izan zuten.

Garaipen borrokatua
Jon Alegria probako ordezkariak azaldu digunez, gizonezkoetan, lehen atalean lasterketa burua oso borrokatua egon zen. "Lehen transizioan zazpi bat duatletez osatutako talde bat iritsi zen. Bizikleta saioa, pasa den urtean bezala, erabakiorra izan zen. Aurten, egin duen bero ikaragarriarengatik, buru zihoan taldean uneoro erasoak egon ziren.
Bertan lasarteoriatarra gailendu zen, lasterketa buruko tropela moztu baitzuen eta taldekideei metro batzuetako aurrea hartu zien, bizikletako partzialik onena eskuratuz. Endikak bigarren atalean ateratako diferentzia nahikoa izan zuen lasterketa bereganatzeko.
Endika Gartziak Radka Vodickova emakume txekiarrarekin Arbizuko podiumean egoteko aukera izan zuen. Emakume honek garaipen-zerrenda zabala du. Izan ere, Europako txapeldun ordea eta 2007. urteko Txekiar Errepublikako txapelduna izan zen.

Hurrengo helburuak
Lasarte-Oriako duatletak Euskal Herriko probatan parte hartzen jarraituko du. Ea hartu duen sasoi onari eusteko gai den eta azkenaldian lortutako emaitzak errepikatzen dituen.•