Salbuespen egoerari STOP

Txintxarri Aldizkaria 2008ko maiatzaren 8a

“Salbuespen egoerari Stop, Euskal Herriak autodeterminazioa” goiburuarekin, hainbat lasarteoriatarrek konzentrazioa egin dute gaur arratsaldeko 20:00etan Tajamarreko biribilgunean (Eusko Tren geltoki parean). Bildu direnak, euskaldunak azkenaldian jasaten ari diren jazarpena eta erasoak salatu dituzte, bereziki, aurreko astetik kartzelan den Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen kasua.
Ostegun arratsaldeko protesta deitu dutenek jakinarazi dutenez, eraso horiek Euskal Herri osoaren aurkako erasoak dira eta erantzuna eskatzen dute. Besteak beste, ANVko ordezkarien aurkako zigor neurriak, AAM, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurka Madrilen Entzutegi Nazionala egiten ari den epaiketa, gazteen aurkako jazarpena eta preso politikoen egoera aipatu zituzten egoera berezi eta Euskal Herriaren aurkako erasoen adibide gisa.