Itziar Carrasco
Lasarte-Oriako Udalaren aurtengo aurrekontua onartu zuten aurreko astean, 41.295.000 eurotako aurrekontua. Udalak inoiz kudeatu duen aurrekonturik altuena da, iazkoa baino %43,13 handiagoa. Eskuineko koadroan datu esanguratsuenak ikus ditzakezue.
Gobernu taldeak hiru ardatz nagusi nabarmentzen ditu 2008. urterako landu duen aurrekontuan: "hiru ardatz estrategiko izango ditu: politika kulturala, politika soziala eta zerbitzu komunitarioen politika".
Inbertsio publikoa
nabarmenena
Onartutako aurrekontuetan ikus daitekeen daturik nabarmenena inbertsio publikoa da, aurrekontuaren %47,2a baita, hau da, 2008. urterako 19,5 miloi eurotako inbertsio publikoa aurrikusten dute. Inbertsio nagusiena Loidi-Barren (2006-2009) urbanizazioaren eraikuntzarekin jarraitzeko da, 3 miloi eurotakoa. Beste inbertsio nabarmen bat Oriako pabiloien atzeko aldea eraberritzeko izango da (2,6 miloi euro). Beste hainbat miloi kirol instalakuntzetan gastatuko dituzte, batez ere, udal kiroldegiko fatxada eta teilatua konpontzeko.
Udaletxe berriaren lanak 2008 eta 2011 bitartean egitea aurrikusten dute eta Gobernu Taldeak osatutako aurrekontuan 1,7 miloi euro jasotzen dira udaletxe berria eraikitzeko. Zaharren egoitza birgaitzeko 1,6 miloi euro bideratuko dituzte.
2008.urteko aurrekontuan ondorengo inbertsioak aurrikusten dira, besteak beste: Michelingo atzealdean ibai ondoko ibilbidea egiteko 772.500 euro eta ikastetxeetan berrikuntzak egiteko 338.000 euro jasotzen dira.
Ana Urchuegiak aurrekontua defendatu zuen osoko bilkuran: "aurrekontu soziala, berdea, lehiakorra eta solidarioa aurkeztu dugu".
Oposizioak oposizioa
egiten jarraitzen du
Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontuaren aurka EAJ-PNV, PP eta EAE-ANV taldeek osoko emendakinak eta oposizioko talde guztien artean guztira 56 emendakin partzial aurkeztu zituzten. Oposizioaren kritika nagusiak ondorengoak izan ziren: partaidetzarik gabeko aurrekontuak direla, salmenta libreko etxebizitzei lehentasuna ematen ari zaiela eta euskararekiko konpromezua hartu behar duela Udalak.•