Nahi bai, baina ezin gauza handirik egin mundua konpontzeko, azkenean, egoeraren gainean 4 gauza idaztearekin konformatzen gara. Hain zuzen, 4 gauza dira beharrezkoak munduaren martxa hobetuko bada. Denok ulertzeko moduko 4 metafora dira: a) gaixotasuna zein den aztertu eta diagnostiko egokia egin, b) gose denari arraina eman c) arrantzan irakatsi d) depredadoreak salatu eta horien aurka borroka egin. Ez dago arazo handirik gaixotasuna zein den erabakitzeko. Munduaren %80 zeharo marjinatua eta miserian bizi da; ez uste, kasualitate hutsa denik, naturak ezarritako patua denik, ez; baizik eta hemisferio batek besteari ezarri dion zigorra da. Munduak ezin du jasan gehiago kontsumitzerik, baina bai kontsumoa banatzea.
2. da arraina ematea. Horregatik, begi onez ikusten ditugu GKEk, lan handia egiten ari baitira, munduko oinazeari aurre egiten. Beharrezkoa da arrantzan irakastea ere, hezkuntza eta teknologia esportatzea.
Denetan garrantzizkoena da depredadoreak salatzea eta horien kontra borrokatzea. Identifikaturik dauzkagu depredadoreak: multinazional, estatu boteretsu, banku, etab. Batez ere, guk estatuen kontra egin behar dugu borroka, BPGren %0,7 errespeta dezaten, kapitalismo basatiari eta neurri gabeko prezioei neurriak ipin diezaizkioten. Eta ez daukat gizabanako gisa zertan flagelaturik neure burua.