Txintxarri
“Salbuespen egoerari Stop, Euskal Herriak autodeterminazioa” goiburuarekin, hainbat lasarteoriatarrek konzentrazioa egin zuten ostegun arratsaldean Tajamarreko biribilgunean.
Lasarte-Oriako sarrera honetan, Eusko Tren geltoki parean, ostegunean, arratsaldeko 8etatik aurrera bildu zirenek, euskaldunak azkenaldian jasaten ari diren jazarpena eta erasoak salatu zituzten, bereziki, aurreko astetik kartzelan den Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen kasua.
Jakina da herri honetan PSE-PSOE eta EAJ-PNVk Ino Galparsoro alkateak kargua uzteko egindako proposamena atzera bota zuela udal batzak eta ondoren, egun batzuetara, Baltasar Garzon epaileak Madrilera Entzutegi Nazionalera deklaratzera deitu eta kartzelan sartzeko erabakia hartu zuela.
Ostegun arratsaldeko protesta deitu zutenek jakinarazi dutenez, eraso horiek Euskal Herri osoaren aurkako erasoak dira eta erantzuna eskatzen dute. Besteak beste, ANVko ordezkarien aurkako zigor neurriak, AAM, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurka Madrilen Entzutegi Nazionala egiten ari den epaiketa, gazteen aurkako jazarpena eta preso politikoen egoera aipatu zituzten egoera berezi eta Euskal Herriaren aurkako erasoen adibide gisa.
Salbuespen egoera salatzeko eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eskatzeko bilketan PSOE eta EAJ alderdien jokabidea salatu ziren. Ezker abertzaleko ordezkarien ustez, ezin da erantzunik gabe utzi PSOEk errepresioa areagotzeko hartu duen bidea, eta bide batez, zeregin horretan Euskal Herrian EAJ-PNVk ematen dion laguntza ere salatu zuten. •