Jon Altuna
Oinatz taldeak antolatu duen lehen irteera arrakastatsua izan da. Giro bikaina egin zuen apirilaren 27an, aurretik prestatutako egitaraua bete zen oro har eta hainbeste gauza berri ezagutzeko aukera izan zuen parte hartu zuten 20 lagunek: Araotz auzoa, Orkatzategi mendia, Haitzuloko leihoa, Sandali baseliza, Arrikutzeko kobazuloa, Oinatiko herria eta bertako eliza, besteak beste. Gainera toki bakoitzeko berezitasun, istorio eta kontuak jakinarazi zizkien antolatzaileek, aurretik prestatutako irteera berezi honetan.
Oinatz taldearen asmoa da bisitatzen dituzten tokien erreferentzia historikoak, bitxikeriak eta xehetasunak ezagutaraztea. Horrela, Amerikan El Dorado urrezko parajearen bila ibilitako Lope de Agirreren bizitzaren errepasoa egin zen jaio zen auzoko baselizan, bestalde, Sandali baselizako leiendak kontatu ziren edo Oñatiko elizaren istorioa beste bitxikeria batzuen artean.
Arrikutzeko kobazuloan gida batek lagunduta egin zuten bisita eta Oñatiko elizan apaizak berak erakutsi zizkien klaustroa, azpitik pasatzen den erreka edo kripta besteak beste. Toki guztietan zen adituren bat bertako berezitasunen berri emateko.
Taldean denetik zen 7 urtetik hasi eta 74 urte arterainokoak eta denok pozik uzteko, ibilbide ezberdinak prestatu zituen Oinatz-ek, hanka pausutik izena hartu duen taldeak, hain zuen ere, Oñati aldera egin duen lehen irteeran. Batzuk Haitzulo bazterreko leihoan geratu ziren eta besteak Orkatzategiko tontorrera joan. Bertatik Deba bailararen goialdearen ikuspegi dotoreaz gozatu zuten, Urkulu, Udalaitz, Aizorrotz, erreka bazterrak, auzotan banatutako baserri, eta abar.
Aipagarri da Solaskide programan aritzen diren lau pertsona ere izan zirela irteeran, eta euskaraz egun pasa ederra egiteko aukera izan zuten.
Goizeko mendi bueltaren ondoren Araotzeko baselizako aterpean egin zuten otordua. Bertan eman ziren Lope de Agirreri buruzko azalpenak.
Sandaliko baseliza ere berezia da, eskalada eskolak erabiltzen dituen hormen ondoan, harkaitz handi baten azpian eraikia dago eta ondoko aska bati buruzko leienda bitxi bat bada: emakume antzuek edo haurrak izateko arazoak zituztenek ume txikien arropak eraman ohi zituzten haurdun geratu ahal izateko. Askan arropak busti eta zintzilikatuta jartzen zituzten. Zenbat ume nahi zituzten hainbat hatz sartzen omen zituzten uretan. •