Musika topaketen azken kontzertua

Txintxarri 2008ko maiatzaren 9a

Gaur gaueko 19:30ean Rosat eta Ruti hirukotearen emanaldia egongo da Brigidatarren komentuan. Danok Kide Elkartearen Esperientzia Eskolaren III. Musika Topaketak direla eta antolatu dute flauta, biolin eta fagot kontzertua. Hirukotea Carlos Rosat Martinez, Tomas Ruti Vilar eta Tomas Ruti Parrak osatzen dute.
Carlos Rosatek flauta jotzen du, Bartzelonan ikasi zuen Salvador Gratacós flautajole famatuarekin eta 1982. urtetik Euskadiko Orkestrako kide sortzailea da. Tomas Ruti Vilar Madrilen jaio zen baina biolin ikasketak Lasarte-Orian hasi zituen eta Londreseko "Royal Academy of Music"en bukatu zituen ikasi beharrekoak Howard Davies maisuarekin. Tomas Ruti Parra ere Madrilen jaiotakoa da eta bertan osatu zituen musika ikasketak Francisco Vialcanet eta V. Merencianorekin.
XVIII.mendeko Europa erdialdeko musikagile nabarmenenen maisulanak ekarriko dituzte gaurkoan entzungai. Mozart, Haydn eta Beethovenen lanez gain XVIII. eta XIX.mende artean ibili zen Francoise Deviene-nen lanak ere joko dituzte.