Santa Ana txapelketa azken aldiz Okendon

helena-ferreras 2008ko maiatzaren 12a

Helena Ferreras

Santa Ana Txapelketa era herrikoian sortu zen duela hogeita zazpi urte Lasarte-Orian. Betidanik egon da pala zaletasun handia herrian baina ez zegoen txapelketarik. Ia egunero Okendoko frontoian jokatzen aritzen zen taldeak-Piti, Patxikito (Patxi Castro), Jose Angel Etxebeste, Mikel Bardaji, Imanol Bardaji, Luis Mari Sevillano, Jose Felix Solano eta Carlines (Carlos Garcia) pala txapelketa antolatzera animatu zen. Hauetako batzuekin hitz egin dugu Santa Ana Pala Txapelketari buruz.
Arauak beraiek jartzen zituzten, batzuetan pasarekin eta besteetan gabe jokatzen zuten binakako kanporaketetan finalera iristeko. Bi astez luzatzen zen gutxi gora behera, baina partidu bakarra jokatzea askorentzat gutxiegi zen eta azken urteetan ligilak antolatzen dira taldeka. Horrela, partida gehiago jokatzen du bikote bakoitzak eta hortik zortzi bikote sailkatzen dira final laurdenak jokatzeko.
Aldaketa honek harrera ona izan zuen jendearen artean, horrela, frontoiari erabilera gehiago ematen zaio. Duela zortzi urte, Mikelek antolakuntza bere gain hartu zuenean, partidak astean zehar jokatzen hasi ziren eta izugarrizko giroa sortzen da frontoi inguruan. Hasieran hamasei bikotek hartzen zuten parte, baina pixkanaka jendea animatzen joan da eta geroz eta gehiago dira parte hartzaileak. Udaletxeari ere laguntza eskatu zioten txapelketa aurrera eramateko, diru pixka bat eta trofeoak jarri zituen.

Aldaketen beharra
1996. Urtean Alain Etxebeste egin zen antolaketarekin. Orduan jende gutxik hartzen zuen parte txapelketan eta torneoa animatu eta berpizteko laguntza eskatu zieten herriko komertzioei.
2000. urtean Alainek antolaketa utzi eta Mikel Bardaji bihurtzen da arduradun. Orain babesle gehiago eta bikote gehiago daude txapelketan eta azken egunean afariarekin ospatzen dute.
2006. urtean Alainek hartzen du berriro txapelketaren kudeaketa eta oraindik horretan dabil Ibon Azkonobieta, Josu, Patxi, Jon Pagola, Etxezarreta eta beste herritar batzuen laguntzarekin.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete kolaboratzaileei egindako lana eta ekarpenagatik. Ezin ditugu denak aipatu, baina beraiek dira txapelak, kamisetak, afariak eta beste hainbat gauza jartzen dituztenak. Horrela, haien laguntzarekin, jende gehiago biltzea lortu da.

Okendon azkena
Era umilean hasi zen txapelketa dotoretasunez hazi da, baina aurten izango da Okendo jokatuko den azkena. Plazaren eraberritzearekin frontoia bota eta beste bat eraikiko dute kiroldegi inguruan. Herri guztietan ez bezala Lasarte-Oriako erdialdean ez da frontoirik egongo. Frontoiko erabiltzaileen ustez, Okendon egitear dagoen plaza berrian Udalak frontoi estali bat egin beharko luke. Modu honetan, egun euritsuetan, ez lirateke pala partidak bertan behera utziko, jendeak festetan frontoian dantzatuko luke eta herritar askorentzat topagunea den plaza hau aterpe bat edukiko luke. Txapelketa beste leku batean jokatzen baldin bada, ez da berdina izango. Gainera, Okendo plazan sortzen den giroa frontoi berrira zaila izango da eramatea.•