Bigarren Hezkuntzako ikasketak euskaraz Buruntzaldean

Txintxarri 2008ko maiatzaren 12a

Txintxarri

"Euskararen egoera hobetzeko proposamena Degirrorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondorengoan" izeneko kanpaina aurkeztu zuen maiatzaren 6an Astigarragako kulturetxean Zorione Etxezarraga, Astigarragako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak Buruntzaldeko Udalen izenean Mertxe Zapiain Urnietako Euskarako Batzordeko lehendakaria eta Buruntzaldeko hainbat ikastetxetako zuzendari eta ordezkariekin batera.
Zorionek adierazi zuenez "premiazkoa ikusi genuen derrigorrezko heziketatik haratago, euskarazko ereduetan matrikulatzeko sustapen kanpaina bideratzea. Kontutan hartuta gainera, geroz eta enpresa gehiagok dituela euskara planak eta horietan txertatzeko praktiketako ikasle eta langile euskaldunak behar direla, hau da, ikasketak euskaraz egindako langileak".
DBHOrako egitasmo hau abian jartzeko hainbat arrazoi ikusi dira: DBHko eta DBHOko hizkuntza-ereduen arteko desoreka nabarmena da Buruntzaldean. DBHn eta Batxilergoetan D ereduaren nagusitasuna ia erabatekoa izan arren, Zikloetan (Erdi nahiz Goi Mailakoetan) nagusitasun hori ez da ematen.
Kanpaina honen barruko lan-ildo bat ere aurkeztu zuten: Aukera Ezazu matrikulazio-kanpaina. Hiruorriko bat argitaratu dute udalek eta bertan jasotzen da Buruntzaldeko euskarazko Heziketa Zikloen eta Batxilergoen eskaintza, D eta B ereduetakoa. Hiruorrikoa Buruntzaldeko sei udalerrietan banatuko da.•